Bost batzorde beharrean hiru izango dira aurrerantzean Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2019ko uzt. 10a, 22:16

Alkateak aurreko legegintzaldiko soldata bera izango du 52.022. Alkateordea, berriz, Begoña Madariaga izango da. 

Gaur arratsaldean egin da legegintzaldi berriko lehenengo bilkura Berrizen. Ez ohiko bilkuraren asmoa, udaleko funtzionamenduari buruzko erabakiak hartzekoa izan da. Erabakien artean, alkatearen soldata mantentzea, ohiko bilkurak bi hilerik behin egiten jarraitzea eta batzordeak bostetik hirura pasatzea izan da, EAJk horrela proposatuta. Batzordeen kontuak polemika piztu du Berrizen. EAJk bostetik hiru batzordera pasatzea proposatu du, hilean behineko maiztasuna edukiko dutenak: Hiritargoa, Antolakuntza eta Lurraldea. Alkateak jakitera eman duenez, aldaketa honekin koordinazioa lantzeko aukera egongo da, besteak beste. 

EH Bilduko hiru zinegotziak ereduaren kontra ez daudela adierazi dute, baina hainbat zalantza dituztela. "Esaterako, batzorde hauek ze eragin ekonomiko izango duten ez dakigu", esan du Josu Albizuri EH Bilduko bozeramaileak. Hori horrela, bozkaketa atzeratzeko eta eredua lantzeko eskatu diote gobernu taldeari. Azkenean, bozkaketaren momentuan, EH Bilduko hiru zinegotziek pleno aretoa utzi dute, beraien botoa ez emateko. PSE-EEko Carmen Marco, berriz, abstenitu egin da eta Podemoseko David Jimenok proposamenaren kontra bozkatu du. 

Beste hainbat erabaki

Batzordeen maiztasuna eta kopuruaz gain, beste hainbat erabaki ere hartu dira gaurko bilkuran, tartean alkatearen soldata. Alkateak azken lau urteetan bezala dedikazio osoa izango du eta aurreko urteetako soldata bera jasoko du: 52.022,48 euro urtean. EH Bilduk soldata jaistea proposatu du. "Dedikazioa osoa onartzen dugu, baina gehienez aurreko laneko soldata bera kobratzea da gure proposamena", esan du Albizurik. Podemoseko Jimenok, berriz, soldata %15ean murriztea proposatzen dutela azaldu du.

Horrez gain, lehenengo alkateordea Begoña Madariaga izango dela, eta bigarrena Lorea Rementeria izango dela jakitera eman dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!