“Eduki akademikoez gaindi, zerbait ikasi eta ulertzeko esperimentatu egin behar da”

Aitziber Basauri 2017ko urr. 24a, 08:54

Umeek erreminta lagungarri eta trebezia gehiago izan ditzaten, bizipen-ikastaroa ematera etortzen da Durangaldera Tinus Wijnakker. ‘Umeak akonpainatzen’ ikastaroa irailean hasi zen eta 26 lagunek parte hartzen dute. Bizi-esperientzian oinarritutako ikasketak bultzatzen dituen Alavida proiektuaren sortzaileetariko bat da holandarra, baina, 30 urtetik gora dira Madrilen bizi dela. Hurrengo saioa urriaren 27an da.

Hezitzaileak baino, laguntzaileak behar dituzte umeek?
Aurretiaz umeentzat ona zer den badakien heldu bat lez irudikatzen dugu hezitzailea. Baina, lagundu gura badut, zertan lagundu jakin behar dut eta umeak —berdin helduekin—
gura eta behar duenari jarri behar diot arreta. Hura kontuan hartu. Hala ere, laguntzeak ez du esan gura, momenturen batean, ume horren erreferente edo eredu  izango ez  naizenik, umearen gidari izango ez naizenik. Hala ere, umea jarriko dut lehen lerroan, horri egongo naiz adi, ditudan espektatibei jarraitu beharrean.

Umearen ikasketa prozesua barrenetik hasten dela diozu.
Duen adina duela, ume batek badu zeresana erabaki bat hartzerakoan, eta zerbait egin gura ez badu, ez dugu zertan behartu. Badira gauza batzuk ikasi egin gura dituenak, inguruarekiko etengabeko harremanetan erabilgarri zaizkionak. Adibidez, logikoa da bere herrialdeko hizkuntza ikasi gura izatea, ez dugu derrigortu beharrik erabiltzen ari den hizkuntza ikastera. Berdin beste gauza askogaz. Umearen momentua kontuan hartuz gero, egiten ari den horrekiko interesa izatea lortuko dugu. Dena delako hori ikasteak merezi duelako, motibatuta ikasiko du, arlo akademikoan, harremanak egiterakoan...

Bizi esperientzian oinarritutako ikasketa da hori?
Bai. Eduki akademikoez gaindi, zerbait ikasi eta ulertzeko esperimentatu egin behar da. Esperientzia propioekin erlaziorik ez duen ikasketagaz emaitza bat lortuko dut, bai, baina bide bat egin gabe: irudi edo argazki bategaz elefante bat zer den jakingo dut. Baina ez dut haren usaina ezagutzen, beldurra ematen didan ala ez ... Ez dut harreman interesgarri bat elefanteagaz, eta kontzeptu pobre bat lortuko dut. Neurona-loturetan oinarritzen da ikasketa, eta interesaren arabera lotura gehiago edo gutxiago egingo ditut. Motibazioa baino gehiago da. Burmuina lantzeko eragaz du zerikusia, bizi-esperientziako hainbat arlotan askotariko loturak egiteko oinarrizko ezagutzagaz.

Sentimendu eta emozioekin lotura zuzena du horrek?
Guztiz. Motibazioagaz, interesagaz, ikusminagaz... Gauzak bizitzea edo sentimendu eta emozioak adieraztea uzten ez den espazio batean, ez da neurona-loturarik emango — ematen bada, helduek antolatuta—. Baina sentimenduak kontuan hartuz gero, umea erabakiak hartzeko gai dela onartu behar dut. Horrela, umearen autoestima askoz altuagoa izango da eta heldu denean bizitza propioa izateko gai sentituko da, nola bizi esango dion inoren zain egon gabe.

Horretarako, umeak zein baliabide behar ditu?
Jatea, lo egitea, babestuta sentitzea... behar dute umeek; eta baldintzarik gabeko maitasuna. Bestela, maitatua izateko behar hori asetzeko egingo du bata edo bestea. Xantaia emozional horren menpe ikasiko dute. Segurtasuna ere behar dute, beti gurasoak hor izan gabe. Erabakitzeko aukera ematen die, gurasoek esango dutenari begiratu gabe.

Umeek mugak behar dituzte?
Bai. Askatasuna eta autonomia arduragaz daude lotuta, eta ardurak esan gura du albokoa aintzat hartzea, gu geu kontuan hartzen gaituzten eran: akordioetara heldu behar dugu, arazoak konpondu, harremanak egiten ikasi... Kontua ez da gura dena egitea, inoren kontra. Horretarako, ahalegintxoa eginda lorpena handiagoa dela ikastea garrantzitsua da, bide errezena hartu beharrean: jostailu bat lortzeko ez dago jo beharrik, biderik errezena den arren. Badago premia hori asetzeko beste erarik. Egoera bakoitzaren aurrean zer egin daitekeen ikasteko, umearen alboan jarri behar dugu, eta beste bide bat aurkitu daitekeela azaldu. Mugak, berriz, arriskuak saihesteko era dira, segurtasuna eman behar dute: inork joko ez gaituela, kotxeak harrapatuko ez gaituela...

Umeengan espektatiba asko ditugu jarrita?
Aldakorra izan litekeen etorkizunari aurre egiteko prest dagoen pertsona heldua izan dadin, orain, bere errealitateak eskaintzen dion horretatik umeak zer ikasi behar duen jakin behar dugu: bai eduki akademiko berriak barneratzeko, bai harremanak egiteko, hitz egiteko edo defendatzen ikasteko.... Horri egon behar dugu adi. Horrela, berezko motibazioa izango du edozer ikasteko. Berak aukeratutakoa ikasiko du, ez gurasoek edo irakasleek esandakoa.  

Egungo hezkuntza sistemak ez du hau guztia bermatzen?
Eskola gehienetan guztiz eragiten duen sistema formal bat dago. Beti egon dira saiakerak gauzak aldatzeko eta eskola askotan ari dira gauzak aldatzen. Irakasleek asko eragin dezakete horretan. Baina, Euskal Herrian oposizio bidez osatzen da irakaslegoa eta zailtasunak daude planteamendu pedagogiko partekatuan oinarrituta antolatzeko. Politikoki zuzena den eredu sozial batera egokitzeko, sozializazio prozesu bat ere ematen da eskolan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!