Berrizen duela 80 urte fusilatutako herritarrak gogoan izango dituzte

Maialen Zuazubiskar 2017ko ira. 11a, 12:00

Irailaren 11 gomuta eguna izaten da Berrizen, frankismoan hildako eta errepresaliatutako herritarrak omendu eta gogoratzeko eguna.

1936an indar frankistek Felipe Urtiaga alkatea eta Jose Agirre, Gregorio Urkijo, Fermin Aranguren eta Agustin Milikua herritarrak fusilatu ondoren, irailaren 11 lagun horiek eta, oro har, frankismoa sufritu zutenak omentzeko baliatzen dute.

Aurten, frankismoa sufritu zuten lagunak omentzeaz gain, ekitaldian munduko errefuxiatuak gogoan izango dituztela jakitera eman dute Berrizko Udalak eta Berriz 1936 Gogoratzen Kultur Elkarteak. ‘Gu ere errefuxiatuak izan ginen’ lemapean, garai batean errefuxiatu izandakoak eta egun errefuxiatuak direnak gogoan izango dituzte erakusketa baten bidez. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, erakusketak bi zati ditu. Alde batetik, Euskal Herriko beste probintzietatik Berrizera etorritakoak herrian nola hartu zituzten azaltzen du erakusketak. Eta, bestetik, zortzi errefuxiatu berriztarren testigantzak ageri dira erakusketan.

Beraz, gaur gomuta eguna izango dute Berrizen. Arratsaldeko seietan,urtero lez,  dantzariak, musika eta lore-eskaintza egingo dituzte Felipe Urtiaga enparantzan, eta, ostean, erakusketa egongo da.

Ondoren, Txintxaun kolektiboak testigantzetan oinarritutako istorio bi antzeztuko ditu. Eta ekitaldiari amaiera ‘Ama, nora goaz?’ dokumentalagaz emango diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!