Saharara bidaltzeko material bilketa martxan dago

Anboto 2017ko urt. 17a, 09:30

Hamadako Izarrak elkarteko kideak Tindufeko kanpamentuetan.

Sahararen Aldeko Euskal Karabanaren hamahirugarren ediziorako material bilketa egiten dabiltza Berrizen urtarrilaren 9az geroztik.

Material bilketa honen antolatzaileek jakitera eman dutenez, sahararren errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzeko janari eta materiala datorren barikura arte, urtarrilak 20, batuko dituzte herriko zenbait gunetan. Tindufera (Aljeria) bidaliko duten materiala Berrizko puntu hauetan guztietan utzi ahalko dute herritarrek: udaletxean, herriko hainbat dendatan eta ikastetxeetan.

Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, pasta, arroza, azukrea, hegaluzea oliotan, garbantzuak, dilistak, babak eta konpresak dira egun hauetan batu gura duten materiala.

Berrizen bezala, Durangaldeko beste hainbat herritan ere Saharara bidaltzeko materiala batzeko kanpainak jarri dituzte martxan. Ekimen honegaz, Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetako kideei laguntza ematea helburu dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!