Jaietan emakumeen frontenis eta paleta goma txapelketak izaten dira eta, batean zein bestean, zuek zarete sustatzaile nagusiak. Hasi gaitezen frontenisetik. Azken urteetan arrakasta handia izan duen ekimena da.
Sorkunde Viguera: 2010. urtean San Pedro jaien barruan antolatu zen lehenengoz. Gizonei bideratutakoa zen. Bageunden frontoia gustatzen zitzaigun emakume batzuk eta elkartu egin ginen txapelketa batean. 20 bikote izatera ere heldu gara. Sanantonioetan hiru bat aldiz antolatu dugu.
Aurtengoa urtarrilaren 14an izango da.
S.V.: Aurten hiru bikote daude, eta euren arteko txapelketa izango da. Jokatuz gozatzea da helburua. Horregatik bikote orekatuak antolatzen saiatzen gara beti.
Antolatzaileak badu txapelik etxean?
S.V.: Bai, behin irabazi dut (barreak). 2015eko txapela.
Mikel, esku pilota txapelketan aritua zara. Txapelik bai?
Mikel Laskurain: Finalean geratu zen txapela! Orain bost bat urte jokatu nuen finala. Hainbat bider parte hartu dut, baina txapelik barik erretiratu naiz. Belaunetan desgastea dut eta ez naiz berriro arituko.
Oizpe pilota elkarteko nesken paleta goma saileko arduradun zarete. Noiz eta zergatik sortu zenuten?
S.V.: Gure zaletasuna alabari transmititu genion. Alaba prest zegoen jokatzeko, baina herrian ez zegoen horretarako aukerarik. Ni Mallabian irakasle egon naiz eta zaletasun itzela ikusten nuen han. Itsaso Praderak gidatzen duen eskola da. Orduan, gure alabaren adineko neska bat esku pilotan apuntatu zen, eta beste neskarik ez zebilenez, gure alabagaz paleta goman aritzeko prest ote zegoen galdetu zioten. Horrela sortu zen orain lau urte. Gaur 11-13 urte arteko lau neska dabiltza.
M.L.: Pilotarako afizioa dute.
S.V.: Handia. Berrizen ezin bada, elkartu eta ondoko herriko pilotalekura joaten dira jokatzera.
S.V.: Gazteei pilotarako afizioa transmititu izanak poz handia ematen digu.
Talde bat kudeatzeak buruhauste asko eragiten ditu. Horiek denak frontoiko lau hormen artean geratzen dira ala etxera eramaten dituzue?
S.V.: Ez dugu hormarik jartzen. Beharrak sortu ahala, aurre egiten diegu.
M.L.: Ondo elkar hartzen dugu eta ez dugu eztabaidatzen. Antzerako irizpideak ditugu.
Biok heziketa fisikoko irakasleak zarete eta kirola maite duzue.
M.L.: Bai, kirola maite dugu, edozein izanda ere. Bizitzako une batzuetan 24 ordu elkarregaz emandakoak gara. Klasekideak izan gara ikasketetan, ikastetxe berean irakatsi dugu heziketa fisikoa, etxera etorri eta elkarregaz… eta sekula arazorik barik.
Elkarregaz kirol asko praktikatzen duzue?
M.L.: Korrikan, bizikletan, eskiatzen zein frontoian kirol asko egin dugu elkarregaz. Hondartzara goazenean ere palan orduak ematen ditugu.
Bata besteagaz lehiakorrak zarete?
M.L.: Ez, bat ere ez.
S.V.: Korrika ibili garenetan esan izan dit: “Zuk zure itzala ere ez duzu aurreratzen”. Ez naiz lehiakorra. Frontoira gozatzera etortzen naiz.
M.L.: Norbaitegaz kirola egiten banabil eta haserrealdia sortu daitekeela ikusten badut, nahiago dut galdu eta giro onari eutsi. Sorkunderen antzerakoa naiz horretan.
S.V.: Horrek ez du esan nahi ez dugunik dena ematen!
Kirolak batzen zaituzte. Zer egingo zenukete kirolik barik?
M.L.: Gure ogibideak eta hobby-ek lotura zuzena dute kirolagaz edo gorputza mugitzeagaz. Kirolik barik hutsune handi bat sumatuko genuke.
S.V.: Ez dakit zegaz beteko genukeen!
Mikel, koadrilen arteko olinpiadetan aurkezle lanak ere egiten dituzu. Gustuko duzu?
M.L.: Gozatzen dut, bai, baina beste norbait mikrofonoa hartzeko prest egongo balitz ez nuke erreleboa emateko inongo arazorik izango.
Mikrofonoa eskuan, saltsero horietakoa zara?
M.L.: Bai (barreak). Giroa animatzen saiatzen naiz. Horretarako gaude, ezta?
Joan zen asteburuko mendi bizikleta martxa antolatzen ere jardun duzu.
M.L.: Ibilbidea diseinatzen, laguntzen... hor aritu naiz, bai. 529 lagunek parte hartu dute aurtengo aldian eta jendeak asko gozatu du. Horrela jakinarazi digute hainbatek. Guretzat ez dago jendeari gustatu zaiola jakitea baino sari hoberik.
Jai batzordeko kidea ere bazara. Zer giro duzue?
M.L.: Giro ona dago eta betiko martxan gabiltza. Gertatzen dena da jende berri gutxi dagoela. Eta betikoak gabiltzanez, sarritan ideiak errepikatu egiten dira. Ondorioz, jaietako egitaraua urtero berdina da, aldaketa txiki batzuekin. Beharbada odol berriak nobedadeak ekarriko lituzke. Jende gaztearen bultzada berri horren falta igartzen dut.
Gaurko kalejira musikak girotuko duela da aurtengo nobedade bat.
M.L.: Bai, Taberna Ibiltaria izeneko Bakioko talde bat da. Oso animosoak ei dira, eta poteo orduan giro alaia jarriko dute, seguru.