Tres41 2007an sortu zen boskote moduan, baina orain laukotea dira: Asier Otadui Zana baxu-jotzailea, Mario Cosme gitarrista, Mikel San Cipriano Puro abeslaria eta Imanol Bilbao bateria-jotzailea. “Urte gogorra izan da. Ion Chavez gitarrista eta konposatzaile nagusiak taldea utzi ondoren, nola jarraitu planteatu behar izan genuen. Baina, lan asko egin ostean, kontzertu asko ematea lortu dugu. Gainera, diskoak harrera ona izan du”, adierazi du taldeko abeslariak. Resilientes deituriko beraien azken lana aurkezten egon dira hilabete hauetan. Besteak beste, Madril, Burgos eta Santander hirietan ibili dira jotzen. “Euskal Herritik kanpo irtetea esperientzia oso ona izan da guretzat”, dio. Aurten, Berlinera jotzen joateko aukera ere izango du talde berriztarrak.
Viva Belgrado ere arituko da oholtza gainean zapatu honetan. “Ezagutu nituenetik nire talderik gogokoena da. Beraiekin jotzea ohorea da”, aitortu du Purok. Kordobako taldeak Ulises aurkeztuko du, kritika ona jasotzen ari den bere azken lana. Emanaldirako sarrerak bost eurotan salduko dituzte.
Kontzertuaren aurretik, Madrilgo Edu Locomotoro margolariak Personajes Célebres erakusketa inauguratuko du, Kultur Etxean, 19:30ean. “Gure musikaren arima bera duen lan artistikoa egiten du eta merezi duen erakusketa izango da”, argitu du San Ciprianok.
Alos Quartet-en emanaldia
Musikak martitzenean ere jarraituko du. 19:30ean, Alos Quartet harizko laukoteak kontzertua eskainiko du Antonio Deunaren baselizan. Argitaratu duten Garden izeneko lana aurkeztuko dute. Xabier Zeberio (nyckelharpa eta biolina), Francisco Herrero (biolina), Lorena Nuñez (biola) eta Pello Ramirez (txeloa) laukoteak osatzen du Alos Quarter taldea. 1999an sortu zen Alos Quartet taldea, eta taldekideek hainbat musikarigaz jo izan dute euren ibilbide luzean.
Gaztetxeko jai egitaraua
Berrizko Hiltegixe gaztetxeak bere egitaraua prestatu du jaiegun hauetarako. Barikuan, 22:30ean hasita, La Última Bala, CäcTus eta LauP4 taldeek kontzertua eskainiko dute.
Zapaturako, mozorro poteoa egiteko deia zabaldu dute gaztetxetik. 13:00etan hasiko dute Fondan, eta ondoren bazkaria egingo dute. Bertara mozorrotuta joaten diren lagunen artean zozketa bat egingo dute. Arratsaldean musika izango da protagonista berriz ere gaztetxean. 17:00etan, Rukulak eta DJ Akak kontzertua emango dute zapatuko jaieguna alaitzeko.