Mendi bizikleta martxagaz hasi ziren, joan zen asteburuan, Berrizko San Antonio jaien egitarauaren barruko ekintzak. Bihar emango diete berriztarrek, baina, tradizioak agintzen duen hasiera jaiei; 20:30ean ipiniko dute jaiak iragartzen dituen Donien Atxa, Olakuetako plazaren erdian. Horren aurretik, 19:00etan hasita, tabernarik taberna ibiliko dira berriztarrak, musika lagun, kantuan. Taberna Ibiltaria taldekoak jardungo dira, Donien Atxa ipini aurreko jaietako lehenengo poteo hori girotzen. 19:30ean, azken urteetan ohitura bilakaturiko sagardo eta odoloste janean elkartuko dira berriztarrak Olakuetako plazan. Jan-edanerako ezezik, jai egitarauak kirol zein kultur arloko askotariko ekintzak gozatzeko aukera ugari eskaintzen ditu jaietan, harik eta urtarrilaren 24an Donien Atxa kendu ostean olakuetarrak afaritarako elkartu arte.
Azokara domekan
Urtarrilaren 15ean, 11:00etan, zabalduko dute eskualdeko XXXVI. barazki eta fruitu erakusketa, probalekuan. Ordu beretik, gainera, artisautza azoka ere ikusgai izango da, eguerdira arte, frontoian.