Solidaritatez betetako tonbola Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2016ko abe. 16a, 11:00

Urte osoan herriko hogei bat emakumek egindako lanak fruituak eman ditu berriro ere. Berrizko Caritaseko emakumeek 25. Tonbola Solidarioa egingo dute asteburu honetan. Gaurtik domekara, goizez  (10:00-14:00) zein arratsaldez (16:00-20:00) euro baten truke tonbolan parte hartzeko aukera egongo da.

“Urtero egiten duten bezala, aurtengoan ere herritarrei dei egiten diegu tonbolan parte hartu dezaten”, adierazi dute antolatzaileek. Gainera, gaurtik martxan dagoen ekimen honetan, 1.400 sari banatuko dituztela jakinarazi dute.  Sari horiez gain, 25. urteurrena ospatzeko, tonbolak irauten duen hiru egunetan, hiru sari berezi banatuko dituzte Berrizen daukaten lokalean.

Bestalde, hiru egun hauetan batutako diruaren zati handi bat hiru misiolarik jasoko dutela jakinarazi dute; Mexikon dagoen Jesus Jose Berrizbeitiak, Venezuelan dagoen Marije Aztegiak eta Kongon dagoen Tere Iriondok. Gainontzeko dirua, berriz, herriko parrokiari laguntzeko eta Berrizko Caritasentzat izango da.

Mende laurden lanean
Duela 25 urte Zaldibarren antzerako zerbait egiten zutela jakin, eta beraien herrian ere tonbola bat egitea erabaki zuten hainbat berriztarrek. “Lehenengo urtetik gure ekimenak erantzun bikaina izan du herrian”, aitortu dute antolatzaileek. “Gainera, jakin badakigu herritarren laguntzarik eta esker onik gabe tonbola honek ez lukeela arrakastarik izango”, baieztatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!