Azaroak 25

Herriko puntu ilunak identifikatzeko tailerra, Berrizen

Maialen Zuazubiskar 2016ko aza. 18a, 11:45

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, egitarau zabala antolatu du Berrizko udalak. Gaurtik azaroaren 30era arte argazki erakusketak, kontzentrazioak, hitzaldiak... egongo dira herrian.

Azaroaren 25a dela-eta antolatu duten egitaraua gaur hasiko da Afganistango Emakumeak izeneko argazki erakusketagaz. Hilaren 23an, berriz, Papuszka film-dokumentala ikusteko aukera egongo da arratsaldean, 19:30ean, eta hurrengo egunean, azaroaren 24an,  Durangaldeko Beldur Barik Jarrera lehiaketako sari banaketa egingo dute. Sari banaketa honetan, Durangaldean  lehiaketa honetan aurkeztu diren hamar bideo lanak sarituko dituzte.

Barikuan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, kontzentrazio martxa egingo dute, 19:00etan, udaletxean hasi eta Urtiaga plazaraino.

Manifestazioa bukatu ondoren, herrian eta herritarrek eginiko “Eraso sexistarik ez jaietan!” bideo lanaren proiekzioa egingo dute. Gauean, 22:00etan, Mustang filmaren emanaldia egingo dute Berrizko Kultur Etxean. 

Bukatzeko, azaroaren 26an, Arizona antzelana ikusteko aukera egongo da, eta hilaren 30ean herriko puntu ilunak nola identifikatzen diren azalduko dute. Bertaratu gura duenak berdintasuna@berriz.eus -en eman dezake izena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!