Sindikatuek babesa erakutsi diote Berton Bertokoa dinamikari

Anboto 2016ko aza. 15a, 20:32

Gaur, STEE-EILAS, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuek atxikimendua eman diote, Berrizko eskolan, eskola jantokietan bertako produktuak jatearen aldeko plataformari. 

Martxoaz geroztik, Berton Bertokoa dinamikako kideak lanean dabiltza ikasleen plateretako jakiak bertakoak, sasoikoak eta eskolako jantokian prestatutakoak izan daitezen. 

Orduz geroztik, Durangaldeko hainbat kideek osatutako dinamikak indarra hartu du, eta sindikatuen atxikimendua "bultzada handia" izan dela aitortu du Aitor Zumelaga Berton Bertokoa dinamikako kideak. "Guretzat gaurkoa garrantzitsua da, ikusten baitugu langileek ere zilegitzat jotzen dutela gure proposamena" gaineatu du Zumelagak. 

Bestalde, sindikatuetako ordezkariek ezinbestekoa dela adierazi dute bertako eta sasoiko produktuak erabiltzea. UGTko Estibaliz Pujanak bertan ekoiztutakoa izatea eta denboraldiko produktua izatea "oso garrantzitsua" dela adierazi du. ELA sindikatuko Arrate Elkorok, aldiz, osasunaz eta elikaduraz egiten den negozia ezin daitekela egin esan du. 

Iolanda Formoso eta Zuriñe Andres LABeko ordezkariek eredua aldatzea derrigorrezkotzat jo dute. Horretarako LABek hiru zutabe hauek (elikadura, autogestioa bertako produktuak sartzeko eta langile/hezitzaileak publikoak izatea) aldatzea garrantzitsutzat jo du.

Aurrera begira 

Berton Bertokoa dinamikako kideek taldetxoetan batuta lanean jarraituko dutela adierazi dute, aurrerantzean eskola gehiago dinamikara batu daitezen. Horrez gain, Aitor Zumelagak eskola jantokietako eredua aldatu arte lanean jarraituko dutela adierazi du"Eusko Jaurlaritzara joan ginen eta hau lortu arte behar dugun guztietan joango gara". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!