Frankismoko biktimak omendu dituzte

Anboto 2016ko ira. 11a, 18:00

Frankismoan hildako eta errepresialitutako berriztarrak gogoan hartu dituzte, gaur goizean, Berrizko udaletxeko lorategian egin duten ekitaldian.

Duela 79 urte, gaur bezalako irailaren 11 batean fusilatu zituzten Felipe Urtiaga alkatea eta Jose Agirre herritarra, eta Gregorio Urkijo, Fermin Aranguren eta Agustin Milikua herritarrak bezala Frankismoak errepresaliatutako berriztar guztiak omendu dituzte, Berriz 1936 Elkarteak antolaturiko ekitaldian.

Dantzarien saioaren ostean, frankistek eraildakoen udaletxeko lorategiko oroigarrian lore eskaintza egin dute ekitaldira bertaratutako berriztarrek, eta udaletxeko atarian jarraitu du ekitaldiak. Durangoko Doinuzahar abesbatzaren emanaldiak eman dio, amaiera, aurten, irailaren 11ko Berrizko oroimen egunari.

Berrizko Udalak memoria historikoaren arloan lorturiko adostasunaren isla, udaletxean ordezkaritza duten hiru alderdiek hartu dute berba gaurko oroimen ekitaldian. Alkateak iragarri duenez, Servini epaile argentinarrak abiaturiko frankismoaren kontrako auzian parte hartzea onartuko du datorren eguazteneko udalbatzarrean, Berrizko Udalak, aho batez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!