Berrizko jaiak 2016

Xabier Amurizari eskerrak emango dizkiote jaietako txupinazoa botatzeko ardura emanda

Anboto 2016ko eka. 26a, 10:00

Xabier Amurizak bertso-plazak utzi ditu, eta azken egunetan berari eskerrak emateko, hainbat ekitaldi egin dira Durangaldean. Izan ere, lan oparoa egin du bertsogintzan, literaturan eta beste hainbat jardueratan, eta jende askoren estimua irabazi du, maila profesionalean zein pertsonalean. Durangaldeko Bertso Eskolak antolatu ditu ekitaldi horiek, baina oraindik eskertza eta omen gehiago jasoko ditu Andikoakoak. Berrizen, San Pedro eta Santa Isabel jaietako txupinazoa botatzeko ardura eman diote jai batzordekoek, ideia aho batez onartuta, gainera.

Plazak utzi dituen honetan, “omentzeko eta eskerrak emateko” modu bat dela uste du Miren Iturriagaetxebarria jai batzordeko kideak. Gainera, Amurizak ez ei du inoiz jaietako pregoirik bota, haren emazteak kontatu dienez. “Gauza ugari egin ditu Amurizak, baina hori falta zaio”. Amurizaren ekarpenaz galdetuta, “beti oso prestua” izan dela adierazi du Iturriagaetxebarriak. Berrizen, auzoetako bertso saioetan sarri kantatu izan du.

Jaiei hasiera emateko txupinazoa ekainaren 28an izango da, San Pedro bezperan, udaletxean.

Jende eta artista ugari
Amuriza, Izarren saldagina lelopean hiru ekitaldi burutu ziren joan zen asteburuan. Zornotzan, berbaldi bat eskaini zuten bertsolariaren ekarpena azaltzeko. Barikuan, Emaidazue freskura izeneko kantaldia hartu zuen Plateruena kafe antzokiak; Anje Duhalde, Tapia eta Leturia, Natxo de Felipe eta Anton Latxa, Maialen Lujanbio... sortzaile askok parte hartu zuten, eta tartean, Miren alabak ere bai. Kopla berriak kantatu zizkion aitari, alaba izatearen bizipenetatik.

Domekan, erromesaldi artistikoan batu ziren herritar ugari, Etxanotik Berrizeraino. Musika, dantza eta bertsorik ez zen falta izan Etxanon, Zornotzako herrigunean, Iurretan, Abadiñoko Gerediagan eta Berrizen bertan. Mikel Urdangarin, Iurretako abesbatza, Jon Maia edota Berrizko artista ugari batu ziren, besteak beste. Herri bazkaria eginda amaitu zuten erromesaldia.

Hilaren 28ko txupinazoan, herriaren aurrera agertuko da berriro Xabier  Amuriza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!