Eskola Bidea: 6 urtetik aurrerako umeak eskolara elkarregaz eta oinez joatea bultzatzeko ekimena

Anboto 2016ko eka. 8a, 09:00

Pasadan astelehenean jarri zuten martxan Eskola Bidea ekimena, Berrizen. Learreta Markina eskolako Berrioiz Guraso Elkartearen ekimenez abiatu dute proiektua. Helburua, sei urtetik aurrerako umeak eskolara euren kabuz eta oinez joatea bultzatzea da, eta, horretarako, ibilbide seguru eta aproposak diseinatu dituzte. Hiru ibilbide desberdin pentsatu dituzte, umeak goizetan etxetik eskolara elkarregaz joan daitezen.

Ume eta gazteak ezezik, guraso eta herritar boluntarioek osaturiko oinezkoen taldea ere pasako da hiru ibilbide horietatik. Bidean, eskolako komunitateko kideei adierazitako orduetan, Oinbusa deitu duten talde horretara batzen joango dira umeak.

08:35ean irtengo dira hiru ibilbideetara batuko diren oinezkoen taldeak, herriko hainbat gunetatik. Olakuetan, Padura eta Errotatxotik talde bana irtengo da, eta pasealekutik egingo dute eskolarainoko bidea. Beste talde bat Legaño auzotik abiatuko da, 08:35ean, eta Abeletxe auzokoek ere talde bi osatuko dituzte goizetan eskolara oinez joateko.

Merkatarien laguntza
Etxetik eskolarako bidean umeek edozein arazo balute  laguntza eskaintzeko prest dauden merkatari eta tabernarien zerrenda ere osatu dute, bestalde, Eskola Bidea ekimen honen barruan. Beraien denden atean Eskola Bidea Merkatari Laguna dioen pegatina ipini dute merkatari horiek, umeek erraz identifikatu eta eurengana jo dezaten.

Elorrion eta Durangon duela urte batzuk ipini zuten Eskola Bidea ekimena martxan, eta Berrizen ere, besteak beste, ikasleen autonomia bultzatu eta auzoko umeen arteko harremanak garatzeko helburuagaz ipini dute martxan. Autoaren erabileraz aparteko bestelako mugikortasun eredu bat eta ingurumenagazko harreman osasuntsuagoa bultzatzen ditu ekimenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!