EH Bilduk proposatutako jantoki eredua ez du onartu EAJk

Anboto 2016ko mar. 17a, 11:25

EH Bilduk, Berrizko eskola-jantokietako eredua hobetzea “ezinbestekoa” dela ikusita, mozio bat aurkeztu zuen, baina onartu gabe utzi du gobernu taldeak. EH Bilduko kideen esanetan, "beharrezkoa" da jantokien kudeaketa herrian egitea eta jakiak bertakoak izatea.

Beraien hitzetan, eskola-jantoki eredu berri honek Berrizko gizarte garapenari lagunduko lioke, eta herriko ekoizle, merkatari eta guraso elkarteek lankidetzan sortuko lukete proiektua. Gainera, aste honetan egindako ezohiko udalbatzarrean, EH Bilduko kideek adierazi dute nekez ipiniko dutela martxan herrian komertzioei onura "gehiago" ekarriko dion beste proiekturik.

EAJko kideak ezohiko bilkuran proiektuaren helburuarekin ados agertu diren arren, Orland Isoird Berrizko alkateak EH Bilduko kideei erantzun die mozio horretako zenbait puntutan "beharrezkoa" dutela hausnarketa sakonagoa egitea, eta beraz, ezin dutela, momentuz, proiektu berri hau onartu.

Apirilaren 14ko batzorde orokorrean hitz egingo dutela adierazi die EAJk beste alderdiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!