250.000 euro bideratuko ditu udalak Iturritzako urbanizaziorako

Anboto 2016ko mar. 11a, 12:23

Iturritza kaleak berrizko hirigunea alde batetik bestera zeharkatzen du

EAJren 6 aldeko botoekin eta PSE-EEren babesagaz onartu dituzte udal aurrekontuak. EH Bilduko hiru zinegotziak, berriz, aurrekontuen kontra agertu dira. EH Bilduko Karmen Amezuak azpimarratu duenez, “Mespretxatuta sentitzen gara, gehiengo osoa duzuenez besteok bazterrean uzten gaituzue”.

EH Bilduko kideek salatu dute ez zaiela bidezkoa iruditzen aurrekontuak onartu baino aste bete lehenago hauen gaineko azalpena jasotzea. Orland Isoird Berrizko alkateak aurrekontuak batzordeetan aurkezten joan direla adierazi die eta, PSE-EEko zinegotziak, berriz, gobernu taldeak aurkeztutakoak “ondo” daudela adierazi du.

5.651.000ko aurrekontua
2016rako, 5.651.000 euroko aurrekontua onartu dute azken osoko bilkuran, iaz baino 20.000 euro gehiagokoa. Horietatik 651.636 euro inbertsioetarako erabiliko dira. Diru horren zati handi bat, 250.000 euro, Iturritzako urbanizaziorako erabiliko dute. Nagusien Egoitzako eta Eskolako irisgarritasuna hobetzeko, 82.500 eta 11.500 euro erabiliko dituzte, hurrenez hurren. Proiektu hauez gain, beste hainbatetan ere inbertituko du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!