Goizeko 11:50ean irtengo dira paraolinpiarrekoak. Euren arteko mailaren arabera, batzuek itzuli bat emango diote kilometroko ibilbide txikiari, eta buelta bi beste batzuek. Eguaztenean egindako aurkezpenean, “aurten paraolinpiarrak sartzeko egindako ahalegina” eskertu zuen Orlan Isoird alkateak.
Iraia Garcíaren gustukoa
Paraolinpiarrek eta gaztetxoek egingo duten ibilbide laburraz aparte, gainerako korrikalariek bigarren zati bat bete beharko dute, Berrizburu alboko basoan. Gorabehera horiek asko eragin dezakete, eta gaur egun krosseko proba askotan ibilbide lauagoak ikusten diren arren, Iraia García zornotzarraren gustukoa da behintzat. “Alfonbretara ohituta gaude, baina krossa desberdindu egin behar da bideko lasterketetatik. Iaz asko gustatu zitzaidan Berrizko ibilbidea, eta aurten, errepikatuko dela jakitean, asko poztu naiz”. Garcíak txapela jantzi zuen iaz, eta aurten ere faborito izango da. 12:15etan hasiko da nesken proba.
Mutiletan, David García, Oier Ariznabarreta eta Ekaitz Kortazar durangarrak aurreko postuetan sartzen ahaleginduko dira, 13:00etatik aurrera.