Olakuetako Donien Atxa jaiak hasteko prest

Anboto 2016ko urt. 11a, 13:15

Urtea asteburu beteekin hasi dute Berrizen. Gabonetako egitarauaren ostean, atzo, mendi bizikleta martxa izan zuten, eta datorren asteburuan San Antonio jaiak hasiko dituzte Olakuetan. Barikuan Donien Atxagaz ohiturazko ibilalditxoa eginez hasiko dituzte jaiak. Beheko jaien egitarauaren berri eman dute, gaur goizean, udal arduradunek eta jai batzordeko kideek. Hiltegixe gaztetxeak ere egitaraua prestatu du, eta kontzertuak eta 'Bertsopaintingbazkaria' izango dituzte, besteak beste.

Jaien lehen ekitaldia atzoko BTT martxa izan zen. Eguraldi txarra zetorrela eta, azken orduan parte hartzaile batzuk atzera egin zuten, baina azkenean 386 bizikletazalek parte hartu zuten bizikleta martxan.

Donien Atxa Olakuetako jaien ikur nagusia da, eta berau barikuan jarriko dute plazan zutunik. Aurretik, baina erritu txiki bat igaro beharko du Donien Atxak: tabernaz taberna ibilalditxoa egingo dute olakuetarrek Donien Atxagaz, 20:30ak aldera. 18:30ak inguruan hasiko da giroa Olakuetan, txaranga, sagardotegi ibiltaria eta odoloste jana izango dituztelako. Barikuan, San Antonio pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte frontoian. 21:00etan hasiko dituzte hiru kategorietan jokatu den txapelketako finalak. Txapelketa horretan 59 bikotek parte hartu dute.

Hiltegixe gaztetxean eguenean hasiko dute jaietako egitaraua, pintxo-poteagaz. Barikuan, Gehi Zazpi eta Keshala taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean, 22:00etatik aurrera.

Zapatuan, eguerditik aurrera egongo da zer ikusi Olakuetan. 12:30ean frontoian Sun Magoak emanaldia egingo du, eta gaztetxean bazkari berezia izango dute 15:00etatik aurrera: Maite Berriozabalen gaiei erantzunez, Onintza Enbeitia, Miren Amuriza eta Oihana Bartra ibiliko dira kantuan BertsoPaintingBazkarian.

Zapatu arratsaldean, frontoian nesken pala eta frontenis partiduak izango dituzte. Hasteko, eskola kirolean paleta goman jokatzen dabiltzan bi bikotek partidua jokatuko dute, eta gero frontenis topaketa berezia egingo dute Berrizko neskek: zozketaz egokitutako bikoteagaz Kiniela eran jokatuko dute frontenistean. Bi tantotara egingo dituzte partidu txikiak, eta hamar partidu arinen irabazten dituen bikoteak irabaziko du txapelketa. Bi topaketa izango dira; gaztetxoena, eta 18 urtetik gorakoena.

Iluntzerako, musika kontuak izango dituzte Olakuetan. 18:00etatik 22:00etara Luhartzek erromeria eskainiko du plazan, eta gaztetxean kontzertuak izango dituzte 23:00etatik aurrera. Zain, Eratu eta DJ Ana igoko dira Hiltegiko oholtzara.

Domeka, baserritar eta artisauen eguna

Domekan, San Antonio egunean, Eskualdeko XXXV.Barazki eta Fruitu Erakusketa egingo dute Probalekuan, Berrizko eta inguruko herrietako baserritarrek. Frontoian artisauen txokoa egongo da, eta parte hartzaileek eskulangintzan zelan jarduten duten erakutsiko dute. 12:00ak aldera baserriko oilaskoen dastaketa hasiko dute eta 12:30ean meza izango dute. Ostean, Iremiñek eta San Lorentzok dantza erakustaldia egingo dute Olakuetako plazan. Asteburua amaitzeko, Trio Medianoche hirukoteak rantxera doinuak ekarriko ditu kultur etxera, 19:30etik aurrera.

Astelehenean, nekazal olinpiadak

Urtarrilaren 18an ikusmin handia sortzen duten nekazal olinpiadak jokatuko dituzte frontoian. 19:00etan hasiko dituzte olinpiadak. Bost pertsonaz osotutako talde mistoek parte hartu behar dute jokoetan. Sarrerak euro bat balioko du, eta horrekin, edaria eta txorizo otartekoa jasoko dute ikusleek.

Probak eta jaien amaiera

Urtarrilaren 21etik 25era idi probak jokatuko dituzte Berrizko probalekuan, eta urtarrilaren 25ean amaituko dituzte jaiak. 20:30ean Donien Atxa kenduko dute, eta Olakuetako auzokideak afaritarako batuko dira Pedro Juan jatetxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!