Berrizko terrazek araudia izango dute oraindik aurrera

Anboto 2015ko aza. 20a, 09:19

Tabernariekin hainbat batzar egin ostean, terrazak arautzeko ordenantza eratu du Berrizko Udalak. Ordutegiak, leku-hartze arauak eta lizentziak lortzeko baldintzak zehaztu dituzte.


Terrazak 08:30etik aurrera jarri beharko dira. Neguko denboraldian, 23:00ak arte egon ahalko dira astelehenetik eguenera, eta 00:00ak arte, barikutik domekara. Udako denboraldian, ordubete gehiagoz egon ahalko dira. Jaietan eta egun berezietan, udako ordutegia izateko aukera izango dute.

Gehienez, 12  x 4,80 metroko lekua har dezakete terrazek, eta lizentziak emandakoan, udalak terraza jartzeko mugak finkatuko ditu, lurrean egindako marken bidez. Espaloietan, 1,80 metroko tartea libre uztea adostu dute tabernariekin.

Araudia EAJ eta PSE-EEren botoekin onartu dute. EH Bildu abstenitu egin da, prozesuan  parte hartzeko aukerarik ez duela izan argudiatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!