EAJk eta EH Bilduk kontrako jarrerak izan dituzte lehen erabaki guztietan

Anboto 2015ko uzt. 8a, 10:13

Bi alderdi nagusiek ez dute adostasunik lortu udaleko funtzionamenduari buruzko erabakiak hartzerakoan. Erabakien artean, alkatearen soldata mantentzea, ohiko bilkurak bi hilerik behin egitea eta batzorde informatiboetan alderdien gonbidatuek parte hartzeko aukera kentzea onartu dute, EAJk horrela proposatuta. EH Bilduk bere proposamenak egin ditu arlo guztietan, eta alderdi bakoitzak bere proposamenen alde egin du. Bi alderdiek legegintzaldia antzera joango dela aurreikusi dute. PSE-EEko zinegotzi Fran del Pino ez da osoko bilkuran izan.

Sei eta lau. Horrela joan ziren udalbatza berriaren lehen erabakiak hartzeko bozketak Berrizko Udalean. Eta aurrerantzean ere horrela izango dela aurreikusi dute EAJk eta EH Bilduk. Karmen Amezua: "Gehiengoa duzue, eta onartu eta errespetatzen dugu, baina horrek arrisku bat dauka; gura duzuena atzera botako duzue, akordioetara heltzeko ahalegin handirik egin barik". Orland Isoird alkateak, honela erantzun zion: "Guk ere argi daukagu zuek gure proposamenen kontra bozkatzen jardungo duzuela, eta argudio bera erabiliko duzuela legegintzaldian".

Alkatearen soldata, azken lau urteetako bera

Alkateak azken lau urteetako soldata bera jasoko du: 50.9997,54 euro urtean. EH Bilduk soldata jaistea proposatu du, eta Berrizko biztanleak dituzten beste herrietan koalizioak proposatu duen kopurua proposatu du: Hilean 2.000 euro gordin, hamalau pagatan. Bakoitzak bere proposamenaren alde egin du.

Maiztasun aldaketak

Hainbat aldaketa egongo dira Berrizko Udalean. Orain arte, hilean behin izan diren osoko bilkurak, bi hilerik behin izango dira irailetik aurrera, –hileko bigarren eguaztenetan– eta, beharrezkoa bada, ez ohiko bilkurak deituko dituzte bitartean. EH Bildurentzako maiztasun hori txikia da: "Gaiak pilatu daitezke, eta alkatetza dekretuak hobeto kontrolatzeko, hilean behin mantendu beharko lirateke ohiko bilkurak". Batzorde informatiboak gutxienez hilean behin batzeko proposamena egin du EAJk, eta maiztasun hori ere urria da EH Bildurentzako, "oso gutxi da gaien jarraipen serio bat egiteko". Alkateak erantzun du hilebetan behin gutxienez izateak ez duela esan nahi hilebetero izango direnik: "beharrezkoa bada, sarriago bilduko gara".

Batzordeetako ordutegia eta gonbidatuak

Batzorde informatiboak "eraginkorragoak" izateko, goizeko 08:30ean egitea proposatu du EAJk. Horrez gainera, duela zortzi urte onartutako mozio bat bota zuten atzera, batzordeetara gonbidatuak ekartzeko mozioa. Bere garaian, ezker abertzaleak, PSE-EEk eta EAk babesa eman zioten mozio hari, eta bertan jasotzen izan denez, alderdiek batzordeetara pertsona bat edo bi gonbidatzeko aukera izan dute orain arte. EAJren ustez, "alderdi inguruko jendea ekartzea da mozioaren helburua, eta hori ez dugu parte-hartze moduan ikusten; horretarako dago alderdi bakoitzak udaletxetik kanpo egin beharreko lana". EH Bilduren ustez, "gai jakin batzuetan aholkuak eman ahal dituzten pertsonak gonbidatzea da kontua". Alderdi biek parte-hartzea desberdin ulertzen dutela ondorioztatu zuten: "Badaude beste parte hartzeko modu batzuk, eta hor egin behar dugu bidea", esan zuen Isoirdek; "Gehiago edo gutxiago gustatu, guk ez diogu inoiz partaidetza foro bati ezetz esango", Amezuak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!