Nepaleko lurrikaretan kaltetuen alde egingo dute zapatuan Berriztu bigarren eskuko azoka

Anboto 2015ko eka. 10a, 10:16
Iazko Berriztu azokako une bat.

Postuak egoteaz gain, Nepaleko argazki erakusketa, artista gonbidatuak eta Shinova musika taldearen kontzertua egongo dira zapatu arratsaldean. Mahaiak jartzeagatik ipinitako dirua Nepalera bideratuko da, lurrikarek eragindako kalteen inguruan lan egiteko. Postua ipintzeko, bihar, ekainak 11, izango da izena emateko azken eguna.

Aurten Berriztu bigarren azokaren hirugarren edizioa izango da. Udaletxe alboko parkean izango da azoka, eta eguraldiak laguntzen ez badu, berriz, probalekuan. Aurtengo azokan Nepalera begira egongo direla azaldu du Eneko Bazeta azokaren antolatzaileetako batek: "Duela hiru urte egon ginen Nepalen, familiako bat lanean dabilelako bertan, GKE baten". Bidaia hartan, leku eta jende paregabea ezagutu zuten, eta aurten, udaberrian izan diren lurrikaren ostean, Berriztu azokan batutako dirua Nepalera bideratzea erabaki dute.

Arratsaldean, 15:00etatik 20:00etara izango da bigarren eskuko azoka. Azokaz gain, Nepaleko argazki erakusketa eta postalak ere egongo dira, eta Paula Heras eta Nagore Txintxurreta artistek mural bat margotuko dute, eta eskualdeko Shinova taldeak kontzertua eskainiko du. 

Azokan izena emateko, hainbat bide daude: Topa kafetegian eman daiteke izena, eta baita berriztu@hotmail.es helbidera idatziz, edo honako telefono hauetako batera deituz: 656 764 696 edo 635 755 737.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!