Berrizko herri ortuetan izena emateko aukera dago ekainaren 2ra arte

Anboto 2015ko mai. 28a, 10:22
Herri ortuen lursailak ekaina erdialdera banatzea espero du Berrizko Udalak

Kanposantu alboan, 50 metro karratuko 45 lursail atonduko dira herritarrek baratza lantzeko. Zozketa publiko bidez egingo dute lursailen banaketa, eta, zozketan izena emateko, ekainaren 2ra arte eman daiteke izena udaletxean. Ekainaren erdialdera lursailak banatzea aurreikusi du Berrizko Udalak.

Giza-talde batzuek lehentasuna izango dute, eta eurentzat lursail batzuk gorde dituzte. Erreserbatuta egongo dira lurrak langabezian daudenentzat –hamabi lursail–, jubilatuentzat –beste hamabi–, gizarte-bazterketan daudenentzat –bederatzi lursail–, ikastetxeentzat –bederatzi– eta desgaitasuna dutenentzako lursail bat. Gainera, lursaila udalak alokatu baino lehen bertan egon diren erabiltzaileek bi lursail izango dituzte aukeran.

Eskatzaile bakoitzak lursail bat izan ahalko duela azaldu dute udal arduradunek. Erabilgarri dauden lursailak baino eskaera gehiago egoten badira, eskatzaileen poltsa sortuko dute, zozketa publikoan ateratzen den ordenagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!