Agenda beteagaz heldu da Berrizko bertso eskola 10. urteurrenera

Anboto 2015ko mai. 13a, 09:40

Bederatzi laguneko kuadrillagaz jardun gara euren zaletasunari buruz.

Barikuan Elorrioko bertso eskolak antolatu duen bertso merendolara joango dira, eta, asteburuan, Andikoako jaietan kantatuko dute. Bederatzi laguneko kuadrilla dabil Berrizko bertso eskolan, eta barikuetan batzen dira Miren Amuriza irakasleagaz, eguerdi ostean, hizkuntzaren inguruan olgetan egiteko. Lehenago Gorka Lazkanok eta Iratxe Ibarrak ere jardun zuten bertso irakasten, eta, eten baten ostean berriro martxan jarri zutenetik, hHamar urte bete ditu bertso eskolak. Momentu honetan plaza ugari dituzte agendan.

Bertso eskolan 12 eta 15 urte arteko gazteak daude; berriztarrak gehienak, eta tartean garaitarrak eta mallabitarrak ere bai. Batzuk hiruzpalau urte daramatzate bertsolaritza lantzen, eta beste batzuk aurten hasi dira. Badabiltza apurka-apurka erraztasuna hartzen: “Hasieran bertsoa ahazten bazitzaizun negarrez hasten zinen; orain, barrezka hasten gara, eta hasieratik hasten dugu bertsoa berriro”. Berrizen ezagunen aurrean kantatu behar izan dute hainbatetan, eta, horrek urduri jarri arren, txaloek asko animatzen dituztela azaldu dute.

Ilargik, Amaiak, Laidak, Maiorak, Irurik, Eiderrek, Anek, Garoak eta Asierrek osatzen dute bertso kuadrilla. Oraindik ez dute nagusitan euren burua bertsolari ikusten, baina gustura dabiltza zaletzen.

Bertsomovieda

Aurten, bertsoak oinarri dituen Bertsomovieda bideo lehiaketan parte hartu dute Berrizko bertso eskolakoek. Aurkeztutako bideoan euskara bako mundu bat irudikatu dute. Gidoia eurek pentsatu zuten, eta Ane ikasle oihak lagundu die muntaketagaz. Euskara euren arduretako bat dela azaldu dute, baina aitortu dute zail egiten zaiela gaztelaniara jotzen duten lagunekin elkarrizketa euskarara pasatzea. Bertso eskolan eta ikastetxean, euskararen erabilera desberdin bizi dutela azaldu dute: “Eskolan obligazioa da gehiago, eta, hona etortzen garenean, berez egiten dugu”.

Ekainean, ate irekiak

Bertso eskolak hamar urte bete dituela-eta, ekaineko lehenengo bi barikuetarako ateak irekitzeko egunak antolatuko dituzte, herritarrei bertso eskolan egiten dutena zer den erakusteko. Lehen Hezkuntzako lehen mailatik gorako edonorentzat izango dituzte ateak zabalik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!