Udal hauteskundeak 2015

Talde-lana eta herritarren parte-hartzea nabarmendu ditu Berrizko EH Bilduk bere programan

Anboto 2015ko mai. 11a, 10:43

Gorka Camara, EH Bilduko zerrendako bigarren hautagaia, hauteskunde programari buruz azalpenak ematen.

Pasa den barikuan, herritarrei programa aurkezteko ekitaldia egin du Berrizko EH Bilduk. "Bizi-bizirik dagoen herria" gura dutela nabarmendu dute koalizioko kideek: "Euskaraz berba egingo duena, arlo guztietan parekidetasuna bermatuko duena eta auzolanean arituko dena". Lan arlo bakoitzeko proposamenak aurkeztu dituzte, eta erabaki ugari herritarren parte-hartzeagaz hartzeko asmoa agertu dute.

Berrizko udaleko aurrekontuak prestatzeko parte-hartze batzarrak egingo dituztela azaldu dute programan, eta HAPO Herri Antolaketarako Plan Orokorra berrikusteko ordua ere izango dela azaldu dute. Bestelako proposamenen artean, Herri Hezkuntza Proiektua eratzea dago; eragileekin batu eta hezkuntza arloko diagnostikoa egiteko. Gazteekin ere Gazte Mahaia sortzea proposatu dute, gazteen kezka eta iritziak aintzat hartzeko. Auzotarrekin harremanak lantzeko, bilera bereziak deitzeko asmoa dute, eta, batzar horietarako, auzo bakoitzak bere ordezkaria aukeratzea proposatu dute. 

Bestalde, ongizate arloan, menpekotasun egoeran dauden herritarrak artatu ahal izateko Eguneko zentroa zabaltzeko aukera aztertuko dutela azaldu dute. Ingurumenari eta tokiko garapenari dagokionez, gogoratu dute 2017rako udalak herriko zaborren kudeaketa zelan egin erabaki behar duela, eta hori prozesu parte-hartzaileagaz egin nahi dute. Herriko ekoizle eta saltzaileen lana bultzatzeko, Berrizko nekazarien produktuak Berrizko dendetan erosi ahal izateko beharra egingo dutela ere azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!