Martxoak 8

Elkarri berdintasun lekukoa emanez, Añeketan

Anboto 2015ko mar. 6a, 11:41

Korrikaren eredua hartuta, lasterketa berezia egiten dute data hauetan, Berrizen: Añeketan. Domekan, Berrizko elkarteen ordezkariek lasterketako lekukoa eramango dute eskuz esku, eta, barruan, elkarte bakoitzak berdintasunaren inguruko esaldi bat sartuko du.


Aurten, Añeketan lasterketaren seigarren edizioa izango da, eta, ohikoa denez, Berrizburun hasi, eta Olakueta plazan amaituko dute emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lasterketa. Jende ugari batzen da ekimenean; iaz, esaterako, 150 bat lagun ibili ziren arineketan. 

Lasterketa amaieran, elkarteek idatzitako mezuak irakurriko dituzte, eta saria, txapel more bana, emango diete elkarte biri –oraindik ez dute sarituen berri eman– berdintasunaren alorrean egindako lana eskertzeko.

Gaur, ipuinak eta antzerkia
Kaleko ekitaldiez gainera, Kultur Etxean, berdintasun gaiez hausnartzeko aukera egongo da. Gaur, eguerdian, umeentzako ipuin kontalaria izan dute, eta, 20:00etan, Mucho ruido y pocas nueces obra taularatuko du Las Grotesques antzerki taldeak. Shakespeareren izen bereko lanaren moldaketa umoretsua da.

Bestalde, datorren eguenean, martxoak 12, zineforuma egongo da, Los limoneros pelikulagaz, 16:30ean. Palestinaren eta Israelen arteko gatazkan kokatutako filma da eskainiko dutena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!