Urtero egiten dute Gaztainerre jaia Berrizen, baina aurtengoa berezia izango da. Gaztaina zorroaren truke, herritarrek kilo bat janari eman beharko dute, eta Saharara bideratuko da batutako janaria. 18:00etan hasiko da banaketa Olakueta plazan, eta, gaztainak jan bitartean, Almofid Ahmed Sidi abeslariak eta Asalak Alhasan Mohamed gitarra-jotzaileak kontzertua eskainiko dute.
Ia hogei urte dira Berrizen Saharako errefuxiatuen aldeko beharra egiten dutela. Udal Kontseiluak Herria elkarteagaz egiten du orain elikagai bilketa. Hilaren 18ra arte egingo dute bilketa, udaletxean, eskoletan eta dendetan.