Zor barik hasiko du 2015a Berrizko Udalak

Anboto 2014ko abe. 10a, 13:29
EAJko zinegotziak, aurrekontuen aldeko botoa ematen.

5.634.000 euroko udal aurrekontua onartu du Berrizko udalbatzarrak. 2014an baino 83.000 euro izango dituzte datorren urtean. Diru gehiago du udalak, bankuekin izandako zorrak kitatu dituelako eta Udalkutxatik diru gehiago jasoko duelako. Inbertsioen artean, 400.000 euro bideratuko dituzte Matzagan urbanizazio lanak egiteko. Bestalde, partaidetza foroetan 150.000 euro nora bideratu erabakitzen dabiltza: Bihar eta datorren eguaztenean dituzte azken batzarrak.

EAJko zinegotzien aldeko botoekin onartu dute udal aurrekontua. Bildu eta PSE-EEko zinegotziak abstenitu egin dira. Bilduko Xabi Zalduak hirigintza plana egitearen premia azpimarratu du: "Faltan bota dugu planifikazio gehiagogaz lan egitea; momentuan momentuko arazoei aurre egiten pasatu dugu legegintzaldia". Orland Isoird alkateak erantzun dio legegintzaldia amaitu aurretik gaiari heltzeko asmoa dutela. PSE-EEko Francisco del Pinok desadostasun txikiak izan dituela azaldu du: "Orokorrean ideia berriak bota ditut faltan, betiko lan egiteko moduagaz ibili da gobernu taldea".

Datorren urtea zor barik hasiko du Berrizko Udalak. 2002 eta 2003an eskatutako kredituak bueltatzen ibili da urteotan, eta honezkero kitatu ditu zor horiek. Hori dela eta, eta Udalkutxatik iaz baino diru gehiago jasotzea aurreikusten dutenez, 2014an baino 83.000 euro gehiago izango ditu udalak. Diru hori, batez ere, inbertsioetara bideratuko dute eta beste arloek aurten izan duten antzerako diru-atala izango dute.

Inbertsioetarako 842.000 euro izango dituzte 2015ean. Proiekturik handiena Matzagako urbanizazioa izango da, eta horretarako 400.000 euro bideratuko dituzte. Eituako auzobidea konpontzeko, 192.000 euro bideratuko dituzte, eta kultur etxeko altzariak erosteko, 11.000 euro. Berrikuntzen artean, Berrizko turismoa bultzatzeko aplikazio bat sortu gura dute, eta herriko argazki zaharrak batzeko berrizirudietan.org webgunea ere sortu gura dute 2015ean. Herri ortuak martxan jartzeko asmoa ere badago, eta ekipamendurako 5.000 euro gorde dituzte.

Herri batzarrak

Inbertsioen diru-atalean oraindik definitu barik dauden ekimenak daude. Izan ere, herritarren batzarretan 150.000 euro nora bideratu pentsatzen dabiltza. Bihar, eguena, herriguneko inbertsioen azken batzarra izango dute, eta datorren eguaztenean, abenduak 17, auzoetako inbertsioen azken batzarra. Herriguneko batzarretan 32 berriztar inguruk parte hartu dute, eta auzoetakoetan, 20 bat herritarrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!