Ortuak urte amaierarako prest egongo direla azaldu du Orland Isoird Berrizko alkateak: “Lurrak garbitu, atondu eta aurreraxeago ikusiko dugu zenbat partzela izango diren”. Ekimenaren ideia iaz udaleko inbertsioak erabakitzeko batzarretan irten zen. Durangaldean, Mallabian eta Iurretan ipini dituzte antzeko ortuak, nekazaritza ekologikoan oinarrituta. Isoirdek aurreratu du Berrizen ez dutela erabaki zelako ortuak izango diren, baina “ahalik eta ekologikoenak” izango direla.
BTT ibilbidea Berrizburun
Kanposantu alboko lurretan bi hektarea daude, eta, ortuez gainera, txakurrak libre ibiltzeko udalak atonduko dituen guneetako bat egongo da.
Horretaz gain, Berrizburun belodromoaren atzeko hektarea bat ere alokatu dio udalak Ugarte familiari. Iñakiren Lagunak taldeak Iñaki Lejarretaren omenez atonduko duen BTT ibilbiderako erabiliko du lursail hori.
Alokiru kontratua sei urterako sinatu dute. Bi lursailengatik 900 euro ordainduko ditu udalak, eta kontratuan adierazi dutenez, erosketarako aukera egongo da, horrela adostuz gero.
Prozedurari dagokionez, Herri Antolamendurako Plan Orokorra iraungita dago 2011z geroztik. Plan berria egituratzen laguntzeko sortutako Aholkulari Batzordea (herritarrak eta eragile sozialak barnean dituena), aldiz, “behin bakarrik batu da”, eta bertan erabaki beharko lirateke arau subsidiarioen aldaketak. EH Bilduk kontseilua biziberritzea eskatzen du, bere lana egiten uztea eta ondoren hartzea hartu beharreko erabakiak.