Abortatzeko eskubidea murriztuko duen legea erretiratzeko eskatu du Berrizek

Anboto 2014ko otsailaren 20a

Aho batez onartu dute osoko bilkuran, EAJk eta Bilduk adostutako mozioa. Nabarmendu dutenez, Gallardon Espainiako justizia ministroak proposatutako aldaketa "gizartearen zein alderdi politiko gehienen irizpideen kontrakoa da". Osoko bilkuran, gainera, espetxe politika eta larrialde zerbitzuen langileen egoera izan dituzte berbagai.

 

"Lege horren aurka egoteko mila arrazoi" daudela eta, mozio bidez erretiratzeko eskatu dute sexu eta ugalketa osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko lege oranikoaren aurreproiektua. Indarrean dagoen legeriak adostasun sozial eta politiko zabala duela nabarmendu dute.

Arkaitz Bellon eta espetxe politika

Bestalde, Arkaitz Bellon preso elorriarraren heriotza dela eta, adierazpen instituzionala onartu dute eguazteneko osoko bilkuran, "salbuespeneko espetxe politikarekin eta sakabanaketarekin" amaitzeko eskatuz. Adierazpena EAJk eta Bilduk aurkeztu dute elkarrekin.

Testuan azaldu dutenez: "Inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimnduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko". EAJ eta Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu dute adierazpena.

Larrialdietako langileen espedientea

Durangoko larrialdietako langileen auzian, udazkenean espediente informatiboak zabaldu zizkieten langile batzuei, eta horiek erretiratzeko ere eskatu dute osoko bilkuran. PSE-EEk aurkeztu du mozioa eta aho batez onartu dute. Langileen ustetan, espediente horien prentsan egin dituzten deklarazioengatik zabaldu dizkiete. Espedienteak erretiratu eta osasun langileei elkartasuna adierazi diete mozioaren bidez.

Aurtengo maiatzean beste mozio bat onartu zuten udaletxean, erizaintzako plantila handitzea eta Durangalderako anbulantzia medikalizatu bat gehiago jartzea eskatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!