Hiltegixek hamabost urte bete dituela ospatuko dute gaurtik aurrera

Anboto 2014ko ots. 13a, 11:20
Gaurko egunez, duela hamabost urte okupatu zuen berriztar talde batek hiltegi zaharra. Urteurrena ospatzeko txokolatada edukiko dute gaur Hiltegixen. Bihar, gala afaria eta Inproborroka izango dituzte, eta zapatuan, Kokein eta On taldeen kontzertuak.

 

Zazpirak inguruan elkartuko dira gaur gaztetxean Hiltegixen hamabosgarren urtebetetzea ospatzeko. Txokolatada egingo dute bertan, eta hamabost urteotako ekintzen argazki erakusketa ipiniko dute. Asteburu osoan izango da erakusketa gaztetxean, eta zapatuan kalera aterako dute.

Bihar iluntzean galaz jantzita batuko dira afarirako. Aurretik, jolas-poteoa egingo dute Berrizko tabernetatik, eta afal ostean, inprobisazioagaz jolastuko dute Inproborroka lehiaketan. Publikoak ipinitako baldintzekin eta irudimena erabilita ibiliko dira lehian talde bi. Gaua Dj Roberrekin dantzan amaitzeko asmoa daukate Hiltegixen.

Zapatuan Kokein eta On taldeen kontzertuak edukiko dituzte gaztetxean, 22:30 aldean, eta ohitura hartu dutenez, bokadillotxoak egongo dira salgai afari-kopua egiteko. Domekan 1990eko okupazio mugimenduari buruzko dokumentala eskainiko dute 19:00etan.

Hamabosgarren urteurrenerako, Berrizko gazte asanbladak urteurrenerako kamisetak atera ditu, eta salgai daude 8 eurotan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!