Segurtasun neurriak indartu dituzte Haurreskolan

Anboto 2014ko urt. 16a, 12:27
Ate nagusia aldatu eta alarma ipiniko dute Haurreskolan, iazko ikasturte amaieran izan zuten lapurreta dela-eta.

 Maiatzaren amaieran sartu ziren lapurrak Haurreskolara. Ate guztiak indarrez zabaldu, eta hainbat material ostu zuten: ordenagailu eramangarria, disko gogor bi, argazki kamerak eta telebista.


Barruko ateak aldatuta dituzte honezkero, eta material gehiena ikasturte hasieran erosi zuten. Ate nagusia aldatzea falta da, bortxatu zutenetik hona tolestuta dago eta. Alarma bat ere ipiniko dute Haurreskolan. Inbertsio horiek biak egiteko aurrekontu aldaketa egin dute asteon.


Kirol instalazioak
Pilotalekuan, bestalde, bideo kamerak ipintzea erabaki du Berrizko Udalak, azkenaldian materiala apurtuta agertu delako. Futbol zelaian ere lapurretak izan ziren bere garaian, eta ezkaratzean detektagailu txiki bat eta kable-sarea kontrolatzeko sistema bat ipiniko dituzte, segurtasuna hobetu guran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!