Amankomunazgoan egon ez arren, geroago eta zerbitzu gehiago hartzen ditu Berrizko Udalak. Orain, Lanbide Ikastetxeagaz hitzarmena eskatuko dute. Osoko bilkuran udalak Amankomunazgoarekin duen hartuemanari buruz, debatea sortu zen.
EAJ eta Bilduren ustez, eskualde ikuspegia lantzeko instituzio aproposa izan daiteke Amankomunazgoa. Orland Isoird alkatearen berbetan, apurka-apurka zerbitzuak gehitu eta Amankomunazgoan sartzen joatea izango litzateke egokiena. Horretarako, Bilduk uste du Amankomunazgoan hausnarketa behar dela: “gaur dagoen moduan, ez gaude bertan sartzearen alde”. Hondakinen kudeaketan, adibidez, Berriz Amankomunazgo barruko herriak baino aurreratuago dagoela nabarmendu du Bilduk.
Egun batetik bestera Amankomunazgoan sartzea ezinezkoa dela azaldu du Orland Isoirdek: "Ekonomikoki golpe handia izango litzateke". Pausuz pausu egin beharreko kontua dela adierazi du, eta zehaztu bako epe baten guztiz atxikitzea. Orain zerbitzu batzuk -euskara eta kontsumitzaileen bulegoa, esaterako- kontratatzen ditu Berrizko Udalak, baina ez dauka boto eskubiderik. Isoirden berbetan: "Behin Amankomunazgo barruan, gustatzen ez zaizkigun gauzen gainean eztabaidatzeko aukera izango genuke".
Bilduko Xabi Zalduaren ustez, ordea, Amankomunazgoak berak egin behar du hausnarketa, Berriz bertan sartu aurretik: "Pentsatu behar dute ea Berriz moduko herriek zergatik ez dugun bertan egon gura". "Orain Amankomunazgoa dagoen bezala ikusita, pentsatzen dut Berriz hobeto dagoela Amankomunagotik kanpo".