Lokalen erabiltzaileak, lokalen jabeak eta auzokideak batuta lau batzar egin dituzte ordenantza adosteko. Segurtasun eta higiene neurriak eta aktibitate ordutegiak zehaztu dituzte, besteak beste.
Berrizen aisialdirako hamalau bat lokal daude. Gazteek eta helduagoek erabiltzen dituzten lokal horiek arautzeko, ordenantza onartu dute aste honetako bilkuran. Arautegiko puntuak herritarrek parte hartutako batzarretan adostu dituzte. Lokalak egokitu egin beharko dira orain, urte beteko epean, eta lokaleko obrak zelan ordaindu erabiltzaileek eta lokalen jabeek adostu beharko dute.
Argi instalazioa eta ur instalazioa egokitu beharko dituzte lokaletan, eta komuna eta su itzaltzagailuak eduki beharko dituzte. Larrialdietarako argiak eta elbarrientzako pasabideak ere sartu dituzte aisialdiko lokalen ordenantzan.
Itxiera ordutegirik ez
Aisialdi lokalak erabiltzeko ez dute itxiera ordutegirik zehaztu. Aktibitate ordutegia eta isiltasun ordutegia zehaztu dituzte. Lokala erabiltzen gehienez 75 dezibelioko zarata sortuaz egoteko honako ordutegiak zehaztu dituzte: Astelehenetik eguenera, 08:00etatik 22:00etara; bariku, zapatu eta jaiegun bezperatan, 23:00ak artekoa izango da, eta herriko jaietan gauerdira arte luzatuko da. Ordutegi horretatik aurrera, lokalak erabili ahalko dira, baina auzokideak ez molestatzeko isiltasuna eskatuko zaie lokalen erabiltzaileei. Telebista, adibidez, isiotuta egon daitekeela azaldu dute, baina ahots barik, edo kaskoekin entzutekotan.
Ordenantza osotzeko prozesuak bi hilabete iraun ditu, eta udal talde politikoak gustura agertu dira herritarren parte hartzearekin. Batzarretan jende askok parte hartu duela eta ideia eta ekarpen asko jaso direla azaldu dute.