Kantxa Zati bat ekimeneko kideek antolatu dute zapatu eguerdiko berbaldia. Horrez gainera, abenduaren 29rako herri bazkaria antolatzen dabiltza, erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestuaren urteurrena ospatzeko.
Erabakitze eskubidearen aldeko Kantxa zati bat ekimenak antolatuta, Lehenengo erabakia eta gero eskubidea berbaldia eskainiko du bihar, kultur etxean, 13:00etan, Mario Zubiaga EHUko zientzia politikoetako irakasleak. Bere diskurtsoan Zubiagak autodeterminazio eskubidearen eta erabakitze eskubidearen arteko desberdintasuna azpimarratzen du: “Autodeterminazio eskubidea herri bati kanpotik datorkion zerbait da; erabakitzeko eskubidea, berriz, komunitate politikoko kideen esku dago”.
Herri bazkaria 29an
Abenduaren 29an urte bat beteko da erabakitze eskubidearen aldeko manifestua aurkeztu zenetik Berrizen, eta hori ospatzeko, herri bazkaria antolatzen dabiltza Kantxa zati bateko kideak. Egun horretan, bazkariaz gainera, 2014ko ekainean Durango eta Iruñea batuko dituen giza-kateari buruzko informazioa emango dute, besteak beste.