Herri bazkarian batuko dira euskararen alde

Anboto 2013ko aza. 22a, 08:16
Pagotxak, bertso eskolak, Iremiñek, Hiltegixek eta Berrizko Udalak Euskararen Astea antolatu dute

Pagotxak, bertso eskolak, Iremiñek, Hiltegixek eta Berrizko Udalak Euskararen Astea antolatu dute.

 

Azaroaren 30ean, frontoian, herri bazkaria egingo dute Berrizen, Euskararen Astea dela eta. Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3a, eta horren inguruan aste osoko egitaraua antolatu dute Pagotxa aisialdi elkarteak, Iremiñe dantza taldeak, bertso eskolak, Hiltegixe gaztetxeak eta Berrizko Udalak, elkarlanean.

 

Datorren asteko zapatua izango da egun handiena. Frontoian egingo dituzte ekintzak, eta, eguerdian bazkaltzeko tiketak salgai daude honezkero, estankoan. Umeentzako tiketak 6 euro balio ditu, eta nagusienak 8. Goizean umeentzako tailerrak eta altxorraren bila jolasa izango dituzte, eta arratsaldean, olinpiadak, umeentzako zein nagusientzako. Erromeriagaz amaituko dute eguna.

 

Bezperan, gaztetxean bertso-saioa egongo da, eta, domekan ere egongo dira bertsoak: Ez gara Palestinaz ari izeneko ikuskizuna izango da kultur etxean. Pirritx eta Porrotxen bisita ere izango dute eguazten arratsaldean.

 

Toponimia liburua

Euskararen Astearen harira, Berrizko topinimia batzen duen liburua aurkeztuko dute, abenduaren 2an, 19:00etan. Berrizko leku izenak ikertzen bost urteko lana egin du Ander Ramosek, artxiboetan arakatzen eta berriztarrei galdetzen. Liburuan jaso dituzte ikertutakoak.

 

Euskara Plana

Udalak, bestalde, Euskara Biziberritzeko Plana berriztu du datozen lau urteetarako. Euskara Aholku Batzordeko ekarpen ugari jaso dituzte plan berrirako. Aisialdian, umeen eskolaz kanpoko jardueretan eta kirolean eragitea izango da helburu nagusia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!