San Pedro Legaño: mila urteko historia gordetzen duen gune arkeologikoa

Anboto 2013ko aza. 9a, 12:19
Astiro, baina aurrera darrai San Pedro Legañoko ikerketak; historiako hiru sasoitako aztarnak aurkitu dituzte bertan, IX. mendetik XIX. mendera artekoak

Astiro, baina aurrera darrai San Pedro Legañoko ikerketak; historiako hiru sasoitako aztarnak aurkitu dituzte bertan, IX. mendetik XIX. mendera artekoak.

 

Arroka batzuetan Lurraren bilakaeraren aroak xaflaka bereiztuta ageri diren moduan, San Pedro Legañon ere mila urtetik gorako historia dago pilatuta gune berean. 2011n hilobi batzuen aztarnak aurkitu zituztenetik, arkeologoek lanean dihardute barruan gordetzen duten informazioa bistaratu guran. Gune hartan XIX. mendeko kanposantu baten aztarnak aurkitu ziren (hori baieztatzen duten hezurrak aurkitu dira), eta jakina da toki berean, baina hiruehun urte lehenago, XVI. eta XVII. mendeetan ermita bat egon zela. Hala ere, denboran atzerago joan gaitezke, aztarna zaharrenak Erdi Arokoak direlako, IX. eta XII. mende arteko kanposantu bati dagozkionak, hain zuzen. Aztarnarik zaharrenen sorrera data ezin daiteke gehiago zehaztu, giza aztarnarik ez delako kontserbatzen.

 \"\"

Legaño Berriz herriaren sorlekua ote da? Berrizko lehenengo biztanleenak ote ziren hilobirik zaharrenak? Roman Rodriguez arkeologoaren esanetan hipotesi hori ezin daiteke baztertu, baina oraingoz baieztatu ere ez: “Berriz herri berria da, eta bitxia da ikustea nekropolia Berrizko herrigunetik zer gertu dagoen. Kanposantuak herri bategaz lotu ohi dira. Arkeologiak diosku Erdi Aroan Andikoa eta San Pedro lako herrixkak zeudela, eta herriguneak zentralizazioa lako bilakaera historikoengatik sortu zirela. Gustatuko litzaidake herriaren sorlekua Legañon dagoela esatea, baina oraindik ez dugu herriguneko arrastorik aurkitu”.

 

Hilobien balioa

San Pedro Legañon aurkitu diren hilobien estalkiek (IX eta XII. mende artekoek) balio historiko handia dute hainbat arrazoirengatik: “Ezin hobeto kontserbatuta daude, eta, gainera, euren kokaleku eta posizio originalean”. Oro har, gune hartatik ateratzen den informazioa oso baliagarria da, Berrizentzako bakarrik ez ezik, baita eremu zabalago baten garapen soziala hobeto ezagutzeko ere. Zein antzekotasun dute Legañoko aztarnek inguruko herrietan aurkitu diren beste batzuekin? “Analisi horrek errealitate sozial baten gaineko datu interesgarriak eman ditzake”, dio Rodriguezek.

 

Lanak udalari esker doaz aurrera

 

Lan horiek guztiak nahi baino astiroago doaz. Bizkaiko Foru Aldundiak, iaz, bertan behera utzi zuen proiektu arkeologikoen diru-laguntza, eta, gaur egun, Berrizko Udalak urtero bideratu izan dituen 10.000 euroak dira ikerketa aurrera eramateko sostengu bakarra: “Berrizko Udalari esker, proiektua gelditu ez dadila lortzen da, eta hori garrantzitsua da. Behin geldituz gero, gaitza izaten da berriro martxan ipintzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!