Erabakitze eskubidea eztabaidagai osoko bilkuran

Anboto 2013ko aza. 6a, 09:30
Herrira plataformako kideen atxiloketak salatzeko mozioa aurkeztu du Bilduk, eta osoko bilkuran erabakitze eskubidearen gaineko eztabaida piztu da

Herrira plataformako kideen atxiloketak salatzeko mozioa aurkeztu du Bilduk, eta osoko bilkuran erabakitze eskubidearen gaineko eztabaida piztu da.

 

Mozioan gatazkaren soluziorako hiru oinarri aipatzen dira: oinarrizko eskubideen defentsa, akordio politikoa eta erabakitzeko eskubidea errespetatzea. Azken puntu horrek eragin du eztabaida. Orlan Isoirden berbetan, eurak erabakitze eskubidearen alde daude, “baina ezin da izan ezinbesteko baldintza bakea lortzeko”. Gauzak “nahastea” iruditzen zaio EAJri: “Erabakitzeko eskubide barik gatazkak jarraituko du? Zer eratakoak?”. Bilduko Xabi Zalduaren berbetan, “Espainian saldu dute gatazka armatuaz amaitzea gatazka amaitzea dela, baina gatazka politikoak hor jarraitzen du, eta ez da amaituko erabakitzeko eskubidea bermatu ezean”.

 

PSE-EEko Francisco del Pinoren ustez, erabakitze eskubideari buruz berba egitea “etxea teilatutik hastea” da. Herrirako atxiloketei buruz, PSE-EEk “operazio judizialei errespetu handia” diela azaldu du: “Ikusiko dugu zer erabakitzen duten”. Mozioa EAJk egindako aldaketekin onartu zen, Bilduren abstentzioagaz eta PSE-EEren kontrako botoagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!