Gutxiago kutsatzen duten ibilgailuek zerga txikiagoa

Anboto 2013ko aza. 7a, 08:37
Uraren tasa igo behar izan dute Berrizko Udalean. Bestelakoak izoztu egin dituzte, faktura orekatzeko

Uraren tasa igo behar izan dute Berrizko Udalean. Bestelakoak izoztu egin dituzte, faktura orekatzeko.

 

Aho batez onartu dituzte Berrizko Udalean 2014ko ordenantza fiskalak. Igo dituzten zerga eta tasa gehienei KPI Kontsumo Prezioen Indizea igoko zaie –%2,2–, eta beste batzuk izoztu egingo dituzte. Uraren tasa %3,4 igoko da, hots, KPIa baino gehiago. Ur instalazio guztiak udalak kudeatzen ditu, eta Orland Isoird alkateak adierazi duenez, “Aldundiak diru-laguntza jasotzeko prezio bat zehazten du, eta horra heltzeko igoko da tasa”.

 

Uraren zerbitzua gehiago ordaindu beharko denez, saneamendua, estolderia eta kontadoreen tasak ez dituzte igoko, horrela “hiru hilabetero etxera heltzen den faktura orekatuagoa izan dadin”, azaldu du Orland Isoird Berrizko alkateak. Zaborraren tasa %1 igoko dute.

 

Orland Isoirden berbetan, aldaketak hiru hilebeteroko ordainagirian euro bat edo biren igoera ekarriko du. Inguruko herrietan ordaintzen dutena aztertzen ibili direla azaldu du, eta Berrizko uraren eta zaborraren tasa eskualdeko merkeena dela nabarmendu du.

 

Ibilgailuen gaineko zerga

Datorren urterako beste aldaketa esanguratsu bat ibilgailuen gaineko zergarena da. 2012an eta 2013an izoztuta egon da zerga hori, eta 2014rako %2,2 igotzea aurreikusi dute, orokorrean, ibilgailu guztien kasuan. Gutxiago kutsatzen duten ibilgailuen zerga gutxiago igoko da: %0,83 igoko da 14 zaldi edo gutxiago dituzten autoentzako, eta 500 zilindrada edo gutxiago duten motorrentzako. Bilduko Xabi Zalduaren berbetan, “diferentzia sinbolikoa da, baina, behintzat, hor dago”.

 

Eliza eta ondasun higiezinak

Datorren urterako izoztu duten zergetako bat ondasun higiezinen zerga da. Orain arte, elizak ez zuen zerga hori ordaindu behar, eta salbuespen hori kentzea erabaki dute, Francisco del Pino zinegotzi sozialistak proposatutakoa aho batez onartuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!