Herrirako mozioak erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida piztu du

Anboto 2013ko aza. 1a, 08:30
EAJren ustez, \"erabakitzeko eskubidea ezin da bakea lortzeko ezinbesteko baldintza legez ipini\". PSE-EEk horretaz berba egitea, \"etxea teilatutik hastea\" dela esan du, eta Bilduren iritziz, \"gatazka politikoa ez da amaituko erabakitze eskubidea bermatu ezean\"

EAJren ustez, "erabakitzeko eskubidea ezin da bakea lortzeko ezinbesteko baldintza legez ipini". PSE-EEk horretaz berba egitea, "etxea teilatutik hastea" dela esan du, eta Bilduren iritziz, "gatazka politikoa ez da amaituko erabakitze eskubidea bermatu ezean".

 

Urriaren hasieran Herrira plataformako kideen atxiloketak salatzeko mozioa aurkeztu du Bilduk eguazteneko osoko bilkuran. Gipuzkoako aldundian EAJk eta Bilduk onartutako mozioa izan da, eta beste hainbat herritan eztabaidatzen dabiltzana. Testuan nabarmentzen denez, "Dena ETA da tesiari eutsiz egin dituzte atxiloketak, Euskal Herriaren bake prozesua bultzatu eta finkatzeko bidean atzeraldia suposatzen duelarik".

 

Testuagaz orokorrean ados agertu da Berrizko EAJ, baina esaldi bat kentzeko eskatu du. Mozioan gatazkaren soluziorako hiru oinarri aipatzen dira: oinarrizko eskubideen defentsa, gatazka amaitzeko akordio politikoa eta erabakitzeko eskubidea errespetatzea. Hirugarren puntu honen inguruan hasi da eztabaida. Orlan Isoirden berbetan, "Gu erabakitze eskubidearen alde gaude, baina ezin da izan ezinbesteko baldintza bakea lortzeko". Gauzak "nahastea" iruditzen zaio EAJri: "Erabakitzeko eskubide barik gatazkak jarraituko du? zer eratakoak?". Bilduko Xabi Zalduaren berbetan, "Espainian saldu dute gatazka armatuaz amaitzea gatazka amaitzea dela, baina gatazka politikoak hor jarraitzen du eta ez da amaituko erabakitzeko eskubidea bermatu ezean".

 

PSE-EEko Francisco del Pinok, bere aldetik, erabakitze eskubideari buruz berba egitea "etxea teilatutik hastea" dela esan du. Herriraren kontrako operazioari buruz, azaldu du "operazio judizialei errespetu handia" diela PSE-EEk: "Ikusiko da zer erabakitzen duten". "Horrelako operazioek ez lukete zentzurik izango ETA behin betiko desegingo balitz; bere existentziak inguruan dituenak kutsatzen ditu".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!