Zazpi familia dabiltza Oka kontsumo taldean

Anboto 2013ko urr. 31a, 08:40
Eguaztenetan hartzen dituzte barazki eta produktu ekologikoen otzarak; ekimena zabalik dago

Eguaztenetan hartzen dituzte barazki eta produktu ekologikoen otzarak; ekimena zabalik dago.

 

Eguazten honetan kipula, patatak, azenarioa, eskarola, brokolia, azalorea... sartu dira Oka kontsumo taldeko barazki otzaretan. Orozketako Iparragirre baserriko produktuak dira, Jon Bereziartua eta Alazne Intxausteren ortukoak. Berrizko zazpi familik parte hartzen dute otzaren banaketan.

 

Barazki ekologikoz osatutako otzaraz gainera, inguruko ekoizleen produktuekin ere egiten dituzte otzarak: Etxanon egindako gazta, Iurretan egindako ogia, Errigoitiko esnea... Nekasare kolektiboko ekoizleek parte hartzen dute otzaretan.

 

Jon Bereziartuak azaldu duenez, gustura dabiltza ekimenagaz: “Saiatzen gara kantitate gutxi sartzen, baina ahalik eta gauza gehien sartzen”. Oilategia ipintzekotan dira, arrautzak banatzen hasteko.

 

Anbulategi zaharrean

Otsailean hasi zen martxan Oka kontsumo taldea, eta eguaztenero egiten dute otzaren banaketa, anbulategi zaharrean, 19:30etik 20:30era. Barazkien otzarak 10 euro balio du, eta 2,5 euro garraio eta gestio gastuek. Ganontzeko produktuak euren prezioan saltzen dituzte. Bakoitzak gurago duen maiztasunagaz hartu ditzake otzarak. Hasieran, hiru hileko proba egiten dute kontsumitzaileek, “kantitateekin zelan moldatzen diren ikusteko”. Informazio gehiago 671 055 367 telefonoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!