"Eskolak baino eragin handiagoa du etxeko portaera linguistikoak"

Anboto 2013ko urr. 18a, 11:33
\'Zer ikusi, hura ikasi\' gurasoentzako tailerra hasiko dute euskararen transmisioaren inguruan

\'Zer ikusi, hura ikasi’ gurasoentzako tailerra hasiko dute euskararen transmisioaren inguruan.

 

Hizkuntza ohiturak, hizkuntzekiko begirunea, kultura produktuen kontsumoa... Etxean ikusitako hizkuntza portaerek duten garrantziari buruz jardungo dute Zer ikusi, hura ikasi tailerrean. Gurasoek euskararen transmisioaren inguruan dituzten zalantza eta dudak argitu ahalko dituzte hiru saio izango dituen tailerrean.

 

Berrizko Udaleko Euskara Sailak antolatuta, AEK-ko AHIZE aholkularitza zerbitzuak eskainiko du guraso tailerra. Iratxe Garmendia eta Mikel Urdangarin izango dira irakasleak.

 

“Ikerketek erakutsi dute eskola ereduak baino eragin handiagoa duela etxeko portaera linguistikoak”, azaldu dute irakasleek. Gurasoak horretaz jabetzen direla esan dute, “baina laguntza nahi dute haien ohiturak aldatzeko”. “Modu atsegin eta dibertigarrian” euskararen aldeko jarrerak lantzeko tresnak, ereduak eta aukerak ikusiko dituzte ikastaroan.

 

Ez da gaitasuna bakarrik

Etxean euskara guztiz ondo menperatzen ez bada, orduan zer? Horrelako zalantzak ere izaten dituzte gurasoek. AHIZEko irakasleen berbetan, “hizkuntza gaitasuna aldagai garrantzitsua da, baina ez bakarra. Batzuetan, portaera egokiagoak izaten dituzte euskara ikasten ari direnek, euskaldun osoek baino”. Euskara berarekin batera, transmititu daitezkeen beste kontu batzuk nabarmendu dituzte: “Hizkuntzekiko begirunea, ikasi eta hobetu nahia, kultura kontsumoa...”

 

Euskaraz gaitasunik ez duten gurasoei, etxeko hizkuntza aberatsa irakastea gomendatzen diete Garmendiak eta Urdangarinek: “Ez da ohikoa ama-hizkuntzan maila apala izan, eta bigarrenean altua izatea”. Guraso horiek, euskara mailarik ez izan arren, euskarari daukan garrantzia aitortu ahal diote. Beste bide batzuk daude: “D ereduan matrikulatu, eskolaz kanpoko jardueretan izena eman, udalekuak, antzerkiak ikusi, liburuak irakurri, gurasoak ere haien gaitasuna eta portaera hobetzen saiatu...”

 

Seme-alabak euskaldunak eta eleanitzak izateko denbora eta baliabideak eskaini behar direla azaldu dute: “Ez euskara salbatzeko, haien etorkizuna ziurtatzeko baizik”. Etorkizuna eleanitza izango da, eta irakasleek argi diote: “Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, haurrak zoriontsuagoak izango dira”.

 

Haurtzaindegi zerbitzua

Tailerra eskolako liburutegian egingo dute, eta urriaren 29an, azaroaren 12an eta azaroaren 29an izango dira saioak, 18:00etan hasita. Tailerrak irauten duen artean haurtzaindegi zerbitzua egongo da.

 

Informazio gehiago eskatzeko Euskara Sailera deitu daiteke, 946 824 036 telefonora. Posta elekronikoz ere, euskara@berriz.org helbidera idatzi daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!