Argindar gutxiago kontsumitzeko 64 luminaria aldatu dituzte

Anboto 2013ko ira. 24a, 11:11

Iturriza kalean, Margarita Maturanan eta Legaño auzoan egin dituzte aldaketak. Farola berriekin urtean 5.000 euro gutxiago gastatuko direla aurreikusi du Berrizko Udalak

Iturriza kalean, Margarita Maturanan eta Legaño auzoan egin dituzte aldaketak. Farola berriekin urtean 5.000 euro gutxiago gastatuko direla aurreikusi du Berrizko Udalak.

 

Argiteria zaharkituta egon den lekuetan egin dituzte aldaketak. Sodio baporezko edo bolazko 37 farola kendu dituzte eta kaleko eta etxe aurreetako beste 27 farola ere bai. LED teknologiako farolak ipini dituzte euren ordez.

 

Farola berriek watt gutxiago kontsumitzen dute. Fatxada eta makulu garaietan ipini diren farolek 65 watt kontsumitzen dute, eta zaharrek 250 watt kontsumitzen zituzten. Bolako farolek, aldiz, lehen 150 watt kontsumitzen zituzten, eta berriek 44 watteko kontsumoa daukate. Luminarien bizia ere lanpara zaharrena baino luzeagoa da.

 

Eraginkortasun energetikoa neurtzeko auditoriaren arabera, urtean 5.000 euro aurreztuko ditu Berrizko Udalak farolen aldaketagaz. Proiektuaren aurrekontua 97.600 eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren diru laguntza eduki du udalak, 80.000 eurokoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!