Kalean topatutako txakurrak adoptatzeko kanpaina abian

Anboto 2013ko ira. 19a, 15:00

Momentu honetan udalak hiru txakur dauzka txakurtegian bere kargu

Momentu honetan udalak hiru txakur dauzka txakurtegian bere kargu.

 

Behar zaitut lelopean, kalean topatutako txakurrak adopzioan hartzeko kanpaina hasi du Berrizko Udalak. Hiru txakur daude momentu honetan udalaren kargu: Bi duela bost hilabete batu zituzten kaletik, eta bestea udan batutakoa da. Udalak ordainduko ditu adopzio gastuak.

 

Udaletxeko langileek kaletik batutako txakur horiek Iurretan daude, Zaunk zentroan. Bertako egonaldiagatik udalak zortzi euro ordaintzen ditu egunean. Aurten sei txakur batu dituzte, udan lau, baina bakarra dago orain txakurtegian. Beste hiruretako bat jabeak jaso zuen, bigarrena adoptatu egin dute, eta hirugarrena txakurtegira txarto heldu zen, eta hil egin da.

 

Txakurren jabeengan kontzientziazioa landu gura du udalak: "Txakurrak lotuta edo kontrolpean eroan beharko lituzkete, eta kakak batu”. Txakurrak solte uzteak, galtzeaz gainera, hainbat arrisku dakartzala nabarmendu du alkateak: “Kotxe istripuak egon daitezke, edo baten bati haginka egin ahal diote". Txakurrak libre ibiltzeko espazioak ipintzea aztertzen dabiltza udal arduradunak.

 

700 txakur erroldatuta

Berrizen 700 txakur inguru daude erroldatuta; “gehiago ere egongo dira ziurrenik”. Isoirdek erroldatu barik daudenak erroldatzea eskatu du prentsaurrean. Irailean, hain justu, txakur arriskutsuak erroldatzeko kanpaina egiten du udalak urtero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!