1937ko filmak ikusgai Irailaren 11 dela eta

Anboto 2013ko ira. 8a, 08:30

Kolpistek aginduta fusilatutakoak, eta, oro har, frankismoaren biktimak gogoratuko dituzte

Kolpistek aginduta fusilatutakoak, eta, oro har, frankismoaren biktimak gogoratuko dituzte.

 \"\"

Datorren eguaztenean 76 urte beteko dira Urtiaga, Berrizko alkatea, eta Jose Agirre, guardia, fusilatu zituztela. Azken urteotan, irailaren 11 frankismoaren biktimei gorazarre egiteko egun bihurtu da Berrizen, eta eguaztenean ere horrela izango da. Lore eskaintza eta omenaldiaz gainera, iluntzean 1937an filmatutako bost dokumental proiektatuko dituzte. Berriz 1936 Gogoratzen kultur elkarteak eta Berrizko Udalak antolatu dituzte eguazteneko ekitaldiak. 18:00etan hasiko dute omenaldia Urtiaga plazan. Musika, poesia eta lore eskaintza egingo diete frankismoaren biktima izan ziren berriztarrei.

 

Arratsaldeko 19:00ak aldera proiektatuko dituzte dokumentalak Kultur Etxean. Besteak beste, Gernikako bonbardaketa eta osteko erbesteratzea ardatz dituen Guernika filma ikusi ahalko da. Euzkadiko Gobernuko Propaganda sailak ekoiztutako beste lan labur bi ere egongo dira ikusgai, eta frankistek grabatutako bi dokumental ere eskainiko dituzte: Frente de Vizcaya y 18 de Julio eta Bilbao por España. Frankoren tropek Bizkaia hartu zuteneko irudiak eta horren osteko propaganda ikusi ahalko da bi film horietan.

 

Proiekzioaren ostean, iaz hainbat berriztarren testigantzekin grabatutako dokumentalaren DVDa banatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!