Gaztenek 2012 saria jaso du Arkaitz Biritxinaga nekazari gazteak

Anboto 2013ko uzt. 19a, 13:32
Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako nekazari eta abeltzain gazte onenak saritzen dituzte Gaztenek 2012 sarien bitartez, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek. Horren barruan, Arkaitz Biritxinaga berriztarrak Bizkaiko saria lortu du; Gorka Asurmendi arabarrak, eta, Nerea eta Miriam Arrizabalaga gipuzkoarrak ere saritu dituzte

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako nekazari eta abeltzain gazte onenak saritzen dituzte Gaztenek 2012 sarien bitartez, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek. Horren barruan, Arkaitz Biritxinaga berriztarrak Bizkaiko saria lortu du; Gorka Asurmendi arabarrak, eta, Nerea eta Miriam Arrizabalaga gipuzkoarrak ere saritu dituzte.

 

Ekitaldia Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin da, eta bertan egon dira Arabako eta Gipuzkoako foru Diputatuak, Borja Monje eta Jon Uriguen, hurrenez hurren; Bizkaiko Nekazaritzako Zuzendaria, Ikerne Zuluaga; eta Eduardo Aginako Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaria. Haiek guztiek parte-hartzaileak zoriondu dituzte. Horrela jakin eragin dute prentsa oharrean.

 

Lehiaketa horretan azken hiru urteetan Bizkaian aurkeztutako proiektuak "inon ez bezala" sendotu dira: % 88, Arabako % 20aren eta Gipuzkoako % 6aren aldean. 2012ko edizioaren emaitzak gazte bizkaitarrek nekazaritza jardueran hartu duten "erritmo onaren erakusgarria" dira. Aurtengo edizioan aurkeztutako 21 proiektuak, ehuneko ehun, abian daude jada, beste bi lurraldeetan ez bezala. Horrela azaldu dute lehiaketaren bultzatzaileek. Arabako 23 proiektuetatik, lau bakarrik atera dira aurrera, eta oraindik tutoretza fasean daude, Gipuzkoako 26etatik, 11 bakarrik abiatu dira.

Bizkaiko proiektuak, azpisektoreen arabera, honela banatzen dira: 4 baratzezaintzakoak, 4 esnetarako behienak, 4 haragitarako behienak, 5 esnetarako ardienak eta 4 bestelakoen kategorian. Guztira 5,3 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta kopuru horretatik Nekazaritza Sailak 3,5eko diru-laguntza eman du. Alde horretatik, Nekazaritzako Zuzendari Ikerne Zuluagak "bihotz-bihotzez" zorionak eman dizkie parte-hartzaile guztiei, 8 emakume eta 13 gizoni, eta Bizkaiak lortu dituen datuak baloratzean pozik agertu da.

 

Aukera hori baliatuz, bere esker ona ere azaldu dio Lorra Elkarteari, "bizkaitar gazteen tutoretzaren arduradun gisa egin duen kudeaketa onarengatik". Nabarmendu duenez, "Bizkaiko Foru Aldundiak gure nekazari eta abeltzain gazteen alde egindako apustu irmoak hain emaitza pozgarriak lortu dituela ikustean sekulako ilusioa hartzen dugu".

Arkaitz Biritxinaga, Bizkaiko sariduna
Arkaitz Biritxinaga esnetarako behien ustiategi baten titularra da, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Zallako Frutagintza Estazioan iragan hilean antolatu zuten Euskadiko Abeltzaintzako Ustiategien XIII. Lehiaketa ere irabazi zuen. Gaur egun, Berrizen duen ustiategiak gutxi gorabehera 380 abelburu dauzka, eta ia 2 milioi litro esne ekoizten ditu urtean.

Hainbat urtean bere aitarekin, Rafael Biritxinagarekin, ustiategi familiarrean esnearen ekoizpenean aritu ondoren, 2010ean urrats bat aurrera egitea erabaki zuen, eta anaiarekin sozietate bat eratzea erabaki zuen, ustiategia modernizatzeko. Hasieran, sozietatea Errotazar deitzea pentsatu zuten, hori baita familiaren baserriaren izena, baina erregistroaren arazoengatik AIARBI S.L. izena eman zioten, hau da, anaia bien, Aitor eta Arkaitz Biritxinagaren hasierako hizkiekin eratutako izena.

Lanean eta dedikazioan hainbat urte emanda metatutako esperientziarekin, ustiategia hobetzea erabaki zuen Biritxinagak, funtsezko helburu birekin: abeltzainaren ongizatea eta abereen ongizatea. Hala, abeltzainaren lanean eta bizi-kalitatean izandako hobekuntzak abereei ere heldu zaizkie. Helburua da behiak ongizate eta ekoizpen egoera hobezinetan egon daitezela: etzaleku aproposak, haizegailuak, abeltegiaren etengabeko garbiketa, edontzi handiak, atsedenerako patioak, harraskatzeko eskuilak, apatxen tratamendua, abereen banakako jarraipen elektronikoa….

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!