Aurten lehenengoz, pregoi txikia ere irakurriko dute jaiei hasiera emateko

Anboto 2013ko eka. 20a, 14:30
San Pedro egunaren bezperan, ekainaren 28an, 17:00etan irakurriko dute udaletxetik, pregoi txikia

San Pedro egunaren bezperan, ekainaren 28an, 17:00etan irakurriko dute udaletxetik, pregoi txikia.

 

Orland Isoird alkateak, Sebe Alava kultura teknikariak, eta Jon Zinkunegi eta Mikel Laskurain herritarrek aurkeztu dituzte San Pedro eta Santa Isabel jaiak. Jai Batzordean batzen diren 15 lagunen ordezkaritzan batu dira.

 
Datorren barikuan hasi, eta uztailaren 2ra arte luzatuko dira Berrizko jaiak. Aurten, Pagotxa elkartearen ekimenez, pregoi txikia ere izango da, jaiei hasiera emateko; pregoi ofizialaren aurretik egingo dute, ekainaren 28an, 17:00etan. Ondoren, 19:00etan, Berrizko Bizikletari Elkarteko kideek irakurriko dute jaien hasierako pregoia eta botako dute txupinazoa. Jaien aurkezpenean azaldu dutenez, aho batez erabaki du jai batzordeak, bere ibilbide luzea aintzat hartuta, elkarte horri ematea jaiak abiatzeko aukera.Izan ere, 35. urteurrena bete baitu Berrizko Bizikletari Elkarteak.

 
Isoird alkateak azaldu duenez, iaz baino 9.000 euro gutxiagogaz antolatu ditu jai batzordeak (55.500 euroko aurrekontuagaz) San Pedro eta Santa Isabel jaiak: “Diru gutxiago eduki arren, beste urte batzuetako eskaintza bermatzea izan da gure helburua”.

 
Jai Batzordeak osaturiko programaziotik hainbat ekimen nabarmendu zituzten udaletxeko eguazteneko aurkezpenean. Alava teknikariak azaldu zuenez, herriko musika lokaletan jotzen duten taldeen emanaldia izango da, esaterako, uztailaren 1ean: M.E.B.L, En clave de dos eta Red Sprites taldeek joko dute.

 

Azken urteetan San Pedro eta Santa Isabel jaietako egun handiena izaten den ekainaren 29ko Koadrilen Eguneko programazioa ere nabarmendu dute aurkezpenean. Iaz, 1.500 lagun batu zituen zapatuko udaletxeko lorategiko paella lehiaketak. Boston Jai taldearen emanaldiagaz, eta txosnaguneko Toundra eta Willis Drummond taldeen kontzertuekin amaituko da San Pedro egun hori.

  

Jaien aurkezpenean azaldu dutenez, aurten, partaide berrien ekarpenak jaso dituzte jai batzordean. Herritar horien lana “asko eskertu”, eta herritar denak jaietan parte hartzera deitzeko aprobetxatu dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!