Urtxintxa eskolagaz hainbat dinamika egin dituzten hizkuntzen inguruan.
Kolore biziz margotutako letrekin idatzi dute: Berrizen 18 pertsonatik 5ek hitz egiten dute euskaraz. Urtxintxa eskolaren laguntzagaz, hainbat dinamika egin dute 5. eta 6.mailako umeek, herriko hizkuntzaren egoeraren berri edukitzeko eta hizkuntzen garrantziaz jabetzeko.
Berrizen, herritarren %54,6 da euskaraz berba egiteko gai. Kaleko erabilpena, ostera, baxuagoa da: %27,9koa, 2009an egindako kale erabileraren neurketaren arabera. Datuok jakitean, ikasleek “harridura” erakutsi dutela aipatu dute Urtxintxako arduradunek: “Euskaraz gehiago hitz egiten zela uste zuten”. Hizkuntza ohituren gainean hausnartu dute, eta “berriztarrek euskara gehiago hitz egitearen nahia” azaldu dute. Nahi hori maila pertsonalera eroatea gaitzagoa egiten zaiela azaldu dute Urtxintxako saioetan. Euren ohituretan aldaketak egiteko tresnak landu dituzte.
Hizkuntza transmisioa
“Guraso elebidunak gara, bata euskalduna, eta bestea erdalduna” edo, “Erdaldunak gara; zelan landu dezakegu euskara seme- alabekin?”. Halako zalantzak argitzeko, guraso berrientzako hitzaldiak ematen dabiltza Berrizen, Haurrek zer ikusi hura ikasi izenburupean.
Urrian eskainiko duten ikastaro baten sarrera dira hitzaldiok. Osasun zentroan, haurdun dauden emakumeek emaginagaz izaten dituzten saioetan dabiltza gaia lantzen, eta eskolan, urte biko umeen gurasoei ere eman diete informazioa. Urrian AEK-Ahizerekin elkarlanean eskainiko du ikastaroa udaleko Euskara sailak. Informazioa eskuratzeko euskara@berriz.org helbidera idatzi daiteke.