Larrialdi zerbitzuetako kideak baserrietara galdu barik heltzeko baliagarria izango da.
Interneten, www.berrizbaserriak.org helbidera sartuz gero, herriko 300 bat baserritara heltzeko argibideak aurkitu daitezke. Datu basea osatu dute Berrizko baserri guztiekin, eta horietara zelan heldu ikusi daiteke Interneten edo GPS nabigatzaileen bidez. Anbulantzia, mediku edo suhiltzaileentzat baliagarria izango da zerbitzua, larrialdietan ahalik eta arinen baserriak topatu ahal izateko.
Berrizko baserrien mapa GPS aparatuetan eta mugikorren aplikazioetan instalatu daitekeela azaldu du Orland Isoird Berrizko alkateak. Bilaketa errazteko, abiapuntu batzuk zehaztu dituzte; Durangoko ertzain etxea, Iurretako suhiltzaileen egoitza edo Berrizko osasun zentroa, esaterako. Isoirdek nabarmendu du urgentzia zerbitzuei lana erraztuko diela: "Berrizko medikuek ez dituzte baserri guztiak ezagutzen, eta eurentzako garrantzitsua da ahalik eta arinen pazienteengana heltzea".
Berrizko auzoetatik 32 kilometroko errepide sarea dago, eta herrigunetik urrinen dagoen baserria 7,5 kilometrora dago. Baserriko toponimia berrikusi eta proba epe baten ondoren ipini dute ofizialki sistema martxan.