Elkar ezagutzeko jaia antolatu dute Hiltegixek eta herriko afrikarrek

Anboto 2013ko api. 11a, 12:25

Zapatuko jai afrikarrean ‘Thibulen’ bazkaria egingo dute elkarrekin, eta musika ugari egongo da

Zapatuko jai afrikarrean ‘Thibulen’ bazkaria egingo dute elkarrekin, eta musika ugari egongo da.

 

Senegal eta Kamerundik etorritako lagunekin batera, zapatuko egun osoko egitaraua antolatu dute Berrizko gaztetxeko kideek. Elkar ezagutzen ez zutela eta hartu-emanak hasteko gogoagaz sortu da jai afrikarra egiteko ideia. Egunari hasiera emateko, 12:00etan batuko dira Hiltegixen.

 

Hasteko Thibulen izeneko bazkaria zelan egin erakutsiko dute afrikarrek. Arroza eta arraina daukan platera da Thibulen. Guztien artean jakia prestatzen ibili eta gero, 14:00ak aldera hasiko dira bazkaltzen. Bazkalostean, Tatan magoa izango dute, eta digestioa egin eta gero, musikaren ordua izango da: tinbalek girotutako poteoari ekingo diote 18:30ean. Gaueko 21:00etan luntxa izango dute gaztetxean, eta gero, 22:30ean, Durangaldeko hainbat lagunek parte hartzen duen Batu taldeak doinu afrikarrak eskainiko ditu kontzertuan. Gauerditik aurrera ere giro ona egongo da; musika afrikarra ipiniko du DJ batek.

 

Egun osorako txartela 10 euroan ipini dute salgai, Fonda eta Guzur tabernetan.

 

Batukada ikastaroa

Bestalde, batukada ikastaroa hasi dute duela gutxi, Hiltegixen. Aste batean barikuetan, eta hurrengoan domeketan batzen dira, 18:00etan. Parte hartu gura duenak gaur edo datorren domekan, apirilaren 21ean, izango du hurrengo aukera.

 

Tailerrean parte hartzeko bost euro ordaindu behar dira, eta Gaztetxetik azaldu dutenez, ateak zabalik daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!