"Ez da ezagutzera eman, baina gerra hartan emakume ugarik parte hartu zuen"

Anboto 2013ko api. 14a, 08:27

Berrizen jaio zen Martina Ibaibarriaga, 1788an. Gaztetan, Napoleonen aldeko soldaduek bere aita eta neba hil zituzten. Gerrara joan zen orduan, eta soldaduak gidatu zituen Gasteizko batailan. Beragan oinarrituta \'Martina la Guerrillera\' nobela idatzi du Ascension Badiolak

Berrizen jaio zen Martina Ibaibarriaga, 1788an. Gaztetan, Napoleonen aldeko soldaduek bere aita eta neba hil zituzten. Gerrara joan zen orduan, eta soldaduak gidatu zituen Gasteizko batailan. Beragan oinarrituta \'Martina la Guerrillera\' nobela idatzi du Ascension Badiolak.

 

Zelan eduki zenuen Martina Ibaibarriagaren berri?

Ekainean Gasteizko batailaren bigarren mendeurrena dela-eta, istorio baten bila nenbilen, eta editoreak esan zidan ea ezagutzen nuen Martina. Hasieran pentsatzen nuen Angela Telleriari buruz berba egiten zebilela. Durangarra zen Angela Telleria, eta frantsesen preso batzuei ihes egiten lagundu zien. Harekin nahastu nuen. Vascos contra Napoleon liburuan topatu nuen, beste pertsonaia batzuen artean, Martina Guerrilleraren biografia txiki bat.\"\"

 

Eta erakarri egin zintuen...

Imajinatu, garai hartan, Gasteizko batailan 50 gizon bere kargu eduki zituen! Harrituta geratu nintzen horrekin.

 

20 urtegaz aldatu zitzaion bizitza Martinari...

Bai. Orduan Bilbon zen Martinaren familia, Zazpi Kaleetan. Berrizen jaio zen, bai, baina herririk herri ibili ziren Bilbon amaitu arte. 1808an, frantsesek hiria hartu zutenean, bere aita eta neba hil zituzten familiaren botikan, eta Martinak mendira jo zuen, gerrillara. Horrela hasi zen bere abentura. Gero, espainiar armadan ibili zen, eta teniente koronelaren gradua hartu zuen.

 

Orduan, mendeku goseagatik sartu zen gerrillara?

Ez ditugu ezagutzen benetako arrazoiak, baina nik horrela interpretatu dut. Zelan irten zen gazte hura etxetik betirako mendira? Bere familia goi-mailakoa zen, eta bizimodu nahiko erosoa zeukan... Aitaren eta nebaren heriotzak zerikusia izan behar zuela pentsatu nuen. Fikzioan, hiltzailearen aurpegia ikusten du Martinak, eta haren atzetik joaten da bengantza hartzeko.

 

Dokumentazio lanean informazio oso gutxi topatu duzula adierazi izan duzu.

Benetan, ez dago ia-ia ezer. Une honetan doktorego-tesia egiten nabil kartzelei eta kontzentrazio esparruei buruz, eta horregatik, banekien Segoviako artxiboetan militarrei buruzko espediente pertsonalak zeudela. Hara idatzi nuen galdezka, eta ez dago Martinari buruzko ezer. Beste izen bat ere eman nien, Manuel Martinez, bere ezizena. Gasteizko batailan Espainiako armadan ibili zenean, gizon baten izena eman behar izan zuen soldata kobratzeko. Manuel Martinezi buruz ere ez zuten ezer topatu Segovian. Azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiko artxiboan espediente bi topatu nituen. Bat, Martinaren ahizparen gainekoa da, Madalenarena. Frantsesek harrapatu zuten, galdeketa egin eta Martina non zegoen jakiteko, eta kartzelan egon zen egun batzutan. Beste espedientea Belar gerrillariari buruzkoa da. Gerrillan Martinaren buru izan zen. Informazio horri tira eginda eta irudimena erabilita osatu dut nobela.

 

Hasieratik emakume bezala ibili zen soldadu?

Hainbat interpretazio topatu ditut. Batzuek diote gizon moduan joan zela, eta beste batzuek ezetz. Nik bertsio biak erabili ditut. Hasiera batean, beste gizonekin joateko, bere nebaren arropak hartu zituela. Baina, zenbat egunean ibili zaitezke horrela, besteek jakin barik? Denbora gutxira, harrapatu egin zuten. Horrela kontatu zuen bere iloba batek Madrilgo egunkari batean. Ez dakigu kondaira den edo ez. Ez da ezagutzera eman, baina gerra hartan emakume ugarik parte hartu zuen. Gasteizko batailan hainbat egon ziren. Batzuk bikotekideagaz joan ziren, prostitutak ere bazeuden... Gerrillari moduan ez horrenbeste, baina egon egon ziren. ´

Zelan batu dituzu egiazko datuak eta fikzioa?

Lehenengo pertsonan idatzi dut nobela, Martinaren barruan sartuta. Historiako datuak ahalik eta zehaztasun handienagaz zaintzen saiatu naiz. Berari buruzko informazio asko ez dut topatu, baina bai berekin egon ziren gerrillarien dokumentazioa, kide izan zen Division Iberiakoa... Bibliografia potoloa dago. Gero abenturak eta maitasun istorioak nik ipini ditut. Amodiozko istorio bi agertzen dira: bat, benetakoa, bere senarragaz eduki zuena, eta bestea fikziozkoa.

 

Liburuaren aurkezpenean, emakumeek gerran izan duten papera aldarrikatzeko gogoa azaldu zenuen.

Emakumeen papera, baina ez gerran bakarrik. Historiako liburuetan emakumeak ez dira inoiz agertzen, ez badira erreginak. Emakumeen garrantzia nabarmendu gura izan dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!