Bilduk merkataritza bultzatu gura du zinegotzien dietekin

Anboto 2013ko mar. 1a, 09:00

Zinegotziei dagozkien dieten erdia herriko proiektuetara bideratzen dihardutela diote

Zinegotziei dagozkien dieten erdia herriko proiektuetara bideratzen dihardutela diote

 

Bilduk herriko merkataritza indartzeko proiektua aurkeztu du Berrizko Merkatari Elkarteagaz (BME). Herriko dendetan erosketa bat egiterakoan, zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute kontsumitzaileek. Proiektu honetan parte hartu gura duen komertzio bakoitzak txartel batzuk izango ditu bezeroen artean banatzeko.

 

Txartel saridun bat tokatuz gero, bezeroari txartelean markatuta egongo den kantitatea deskontatuko zaio Berrizko komertzio batean erosketa bat egiten duen hurrengo aldian. Kanpainaren bukaeran, Bilduk dendariei diru guzti hori itzuliko diela azaldu dute.

 

Zinegotzien dietak

Berrizko Bilduko ordezkariek adierazi dutenez, “hasieratik kritikatu dugu Berrizko Udalak hilero ordaintzen dituen dietak larregizkoak direla; 480 euro hilean, batzordean parte hartu edo hartu ez”. Gaineratu dutenez, kopuru hori erdira jaisteko eskatu dute behin baino gehiagotan, eta aurtengo aurrekontuetan ere aldaketak egon dira kargu politikoen dieten inguruan. Legegintzaldi hasieratik, Bilduko zinegotzien dieten erdia “beharrezko” deritzoten herri-proiektuetara bideratzen dihardutela diote: “konpostajerako, asteburuetako umeentzako ludotekarako, eta orain, merkataritza bultzatzeko proiekturako”. Ekimenaren helburua da berriztarrek herriko komertzio txikiekiko fideltasuna izatea: “Eta bide batez, gehiegizkoak diren dieten zati bat herritarrei bideratzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!